argia.eus
INPRIMATU
Seaskaren larunbateko Mani'Festa tokiz aldatua; Baionako Glain gunean egingo da
  • Festa giroan, ikastolek pairatzen duten eskubide falta kritikatu nahi du Seaskak. Baionako Glain guneko Elkartean egingo dute Ikas'Talo Mani'Festa.

Saioa Alkaiza Guallar @SaioaAlkaiza 2013ko abenduaren 27a
Hur Gorostiaga eta Paxkal Indo, Seaskako zuzendaria eta lehendakaria, hurrenez hurren. (Arg: Kazeta.info)

Hasiera batean Reduit plazan egitekoa zen, baina larunbaterako eguraldi txarra iragarria dagoenez, lekuz aldatzea erabaki dute.

Seaskako ordezkarien hitzetan, Frantziak ez ditu ikastegiak babesten. “Estatuak euskara hil nahi du”, dio elkarteko lehendakari Paxkal Indok. Bi gai aipatu ditu protesta egiteko. Batetik, legeen beharra nabarmendu du. Horren harira, Eskualdeko Hizkuntzen Kartaren gaia aztertu du. Ituna berretsiko duela esan du Jean-Marc Ayrault lehen ministro frantziarrak; Indo, baina, ez da Ayraulten hitzen sinesgarritasunarekin fio. Legea bera aldatu gabe neurria izenpetzeak eraginik izango ez duela deritzo. Hala, murgiltze eredua suntsitu nahi izatea aurpegiratu dio lehen ministroari.

Era berean, Baionako suprefetari leporatu dio Azparneko ikastolen lurrak “blokeatzea”. Indok azaldu duenez, ikastolei loturiko “edozein erabaki” auzitara eramateko asmoa azaldu dio suprefetak Hazparneko herri elkargoari.

Bestetik, Hendaiako eta Beskoitzeko ikastolen kasuak ere ekarri ditu gogora. Dioenez, biek ala biek “suprefetaren blokeoari” egin behar diote aurre.

Horregatik guztiarengatik, politikariak hezkuntza pribatizatu asmoz dabiltzala uste du Seaskako lehendakariak.

Festarako tartea ere izango da

Mani'Festan 10.000 talo banatuko dituzte doan. Indok zergatia azaldu du: “Estatuak uste badu egoitzen finantzamenduak blokatuz, gure boltsan joz, ikastolen garapena blokatuko duela, oker dela erakutsi behar diogu”.

Talotegi “erraldoia” muntatuko dute beraz, 12:00etatik 15:00etara. Jakinarazi dutenez, Amaren Alabak, Souht Side Familia ska taldea eta haurrentzako animazioa ere egongo dira, besteak beste manifestazioaren egunean.