argia.eus
INPRIMATU
Seaskak lur eremu bat erostea erabaki du Ziburuko ikastolarentzat
  • Kaskarotenea ikastola Ziburun mantentzeko 300.000 euroko balioa duen lursail bat erosiko du Seaskak. Herri Urratsen bilduko den dirua erabiliko dute gastu horri aurre egiteko.

Nerea Ibarzabal Salegi 2015eko urtarrilaren 29a
Kaskarotenea ikastola egunean 100 euroko isuna ordaintzen ari zen Marinela gunean jarraitzearren. (Arg: S. Sencristo)

Laida Mujika Ziburuko ikastolako lehendakariaren hitzetan, “ezinbestean” hautatu behar izan dute irtenbide pribatua. “Ez da guk nahi genuena baina ikusita azken urteetan bizi izan duguna, ikusita auzapezaren jarrera, ikusita proposatu ditugun aterabide publikoek ez dutela deus eman, nahi badugu ikastolak bizirik segitzea, hori da hautatu dugun irtenbidea”.

Kaskarotenea ikastola egunean 100 euroko isuna ordaintzen ari zen Marinela gunean jarraitzearren, Guy Poulou Ziburuko auzapezak lekua uzteko agindu zienetik. Argindarra ere moztu zien ikastolako umeei.

Kanpaina abian

Kanpaina zabal bat jarri du martxan Seaskak, eta horregatik urtarrilaren bukaeran eman dute Herri Urrats festaren berri. Bildutako dirua lursailaren gastua estaltzeko baliatu nahi dute, Ipar Euskal Herriko Hitzak jaso duenez.

Dagoeneko bi ekitaldi antolatu dituzte; apirilaren 8an Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalistek saio bat egingo dute Baionan, eta apirilaren 23an, ostera, Ordiziak eta Hernanik rugby partidua jokatuko dute Ordizian.