argia.eus
INPRIMATU
Seaskak helegitea jarri du Paueko auzitegian lehen aldiz, azterketak euskaraz egin daitezela eskatzeko
  • "Bide berri bati" ekin dio Iparraldeko Ikastolen Elkarteak baxoa frogaren ahozko azterketa euskaraz egin ahal izan dezaten ikasleek: auzitegi administratiboan helegitea jarriko du lehen aldiz, Frantziako Estatuko Hezkuntza Ministerioarekin sinatu hitzarmenak horretarako eskubidea ematen diela argudiatuz.

ARGIA @argia 2022ko maiatzaren 19a
Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariaPeio Jorajuria lehendakaria (argazkia: Euskal Irratiak)

Maiatzaren 23an aztertuko dute Paueko administrazio auzitegian Seaskaren helegitea, Peio Jorajuria federazioko lehendakariak eta Hur Gorostiaga zuzendariak ostegun honetan Baionan azaldu dutenez. Baxoaren froga handia euskaraz egin ahal izatea nahi dute, gaur egun gutxiengo batek baino ezin baitu hori egin, nahiz eta  2019tik "Estatuaren engaiamendua badugun", esan du Jorajuriak.

Jean-Michel Blanquer buru duen Hezkuntza Ministerioak Euskararen Erakunde Publikoarekin (EEP) hitzarmena sinatu zuen azterketak euskaraz egitea ahalbidetzeko, baina Bordeleko erretoretzak oztopatu egin du bide hori baxoaren erreformaren bestelako interpretazio bat eginez, salatu dutenez. Seaskako kideen arabera, ordea, euskarazko azterketak egitea praktikan ez da batere zaila, espezialiate guztietan daudelako euskarazko azterketak zuzentzeko gai diren irakasleak.

"Azterketei buruz hainbat eta hainbat mobilizazio eta elkarrizketa egin ditugu –azaldu du Jorajuriak– eta orain erabaki dugu bide berri bat hautatzea". Herri Urratsen iragarri zuten azterketak euskaraz egin ahal izateko eskubidearen aldeko borrokan pauso gehiago emateko prest zirela. Hala, egun batzuk geroago administrazio auzitegian helegitea jarri dute, eta lehen aldiz auzitegian jomugan izango da Frantziako Hezkuntza Nazionala.