argia.eus
INPRIMATU
Seaskak giza katea egin du Bordelen azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko
  • Duela bi hilabete bildu ziren Euskararen Erakunde Publikoa eta Frantziako Hezkuntza Ministerioko ordezkaria, eta brebeta eta baxoa euskaraz egin ahal izateko aukerak negoziatzen jarraitzea adostu zuten. Ordutik, ez da mugimendurik egon ordea. Seaskak giza katea egin du astelehenen eguerdian, eta Hezkuntza Errektoretza eta Giza Eskubideen Plaza lotu dituzte Euskal Herritik joandako mila bat lagunek. 

ARGIA @argia 2022ko azaroaren 14a
Seaskak mobilizazioa egin du Bordelen Hezkuntza Ministerioari urratsak exijitzeko azterketa euskaraz egiteko eskubidea lortzeko. / Irudia: Euskal Irratiak

Seaskak antolatuta giza katea egin dute mila bat lagunek astelehenean eguerdian Bordelen, brebeta eta baxoa euskaraz egin ahal izateko eskubidea aldarrikatzeko. Duela bi hilabete bildu ziren EEP Euskararen Erakunde Publikoa buru duen delegazioa eta Frantziako Hezkuntza Ministerioa, eta azken horrek hitz eman zuen aste batzuen buruan brebetari buruzko erabaki azkarra eta baxorako aukerak eztabaidatzen jarraitzeko bigarren biltzar bat egingo zutela. Geroztik, ez dute berri gehiagorik eman.

Azaroaren 14a da ikasleek baxoan izena emateko duten azken eguna, eta Seaskako ordezkariek giza katea egiteko baliatu nahi izan dute. Baxoa goi mailako ikasketak egiteko ikasleek eskuratu beharreko titulua da; brebeta, berriz, kolegioa amaitu ostean egin beharreko froga, lizeora pasa aurretik. Eguerdiko 12:00etatik 13:00ra bitartean egin dute giza katea, Hezkuntza Errektoretza eta Giza Eskubideen Plaza lotuz.

Seaskak lau kolegio ditu Ipar Euskal Herrian, lizeo bat eta 33 lehen mailako ikastola. Astelehenean ikasleak, irakasleak, gurasoak eta Seaskako ordezkariak kolegioetan bildu dira eta Bordelerako bidea egin dute. Berriako kazetari den Ekhi Erremundegik mobilizazioaren jarraipena egin du. 

Brebeta frogari dagokionez, exijitu dute azterketa guztia euskaraz egin ahal izatea (frantseseko irakasgaia izan ezik). Egun, froga gehienak bai baina zientzietakoa ezin dute euskaraz egin, ikasketak egiten dituzten hizkuntzan, alegia.

Baxoan egoera larriagoa da, eta atzera pausoak eman ditu gainera. 2021eko baxoaren erreforma baino lehen, lizeoko ikasleek Historia-Geografiako eta Matematikako azterketa euskaraz egin zezaketen. Aurten, ordea, idatzizko froga bat bera ere ezingo da euskaraz egin, ezta Ahozko Handia deritzon azterketa ere, nahiz eta akordio bat adostu zuten Ahozko Handiaren zati bat euskaraz egin ahal izateko, Kazeta hedabideak jaso duenez.