Kolegioko ikasleek brebeta euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatuko dute ostegunean. Ekainaren 29tik manifestazio egunera arte, Amikuzeko ikastola okupatu dute.
Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak manifestazioa egingo du uztailaren 1ean Donapaleun. EH Bai alderdiak eta LAB sindikatuak babestuko dute martxa. Bertan, 14 eta 15 urteko ikasleek kolegioko eskolaratzea gainditzeko behar duten azterketa, brebeta, euskaraz egin ahal izatea aldarrikatuko dute. Zientzietako ikasgaien etsaminak euskaraz ez dakiten zuzentzaileek ebaluatzen dituzte Frantziako Estatuan, eta horrek euskal kolegioetako ikasleen eskubideak urratzen ditu.
Brebetako azterketak ekainaren 28 eta 29 bitartean egin dituzte Frantziako ikasleek. Paue edo Bordelen zuzentzen dira etsaminak, eta frantsesez baino ez dakiten irakasleek ebaluatzen dituzte. Errektoretzak Seaskari komunikatu dion bezala, “soilik Historia eta Geografia eta Matematikari dagozkio euskal eskualdeko hizkuntzan osatuak izateko aukera”; zientzietako azterketa ezin da euskaraz egin. Baina Seaskako lau zentroetan euskaraz egiteko erabakia hartu dute. Hori defendatzeko eskaria zabalduko dute Seaskatik ostegunerako deitu duten manifestazioan.
Mediabask hedabideak bildu duen bezala, aurreko ostegunean Seaskak egindako prentsa komunikatuan adierazi du Frantziako Lehen Ministroak diputatuei utzi diela konponbidea aurkitzeko ardura. Ikastolen federazioa haiekin bildu da, eta Errektoretzari zuzentzaile elebidunak hartzeko eskatu dio, baina gobernuak ez die oraindik soluziorik eskaini.
1995etik euskarazko ikasleen azterketak frantsesez ikasten zutenen desberdinak ziren, baina 2016an, zientziak ikasgai gehigarri bezala ezarri zirenean, legea aldatu egin zen. 2017an egin ziren azterketak zuzentzaile elebidunek ebaluatu zituzten arren, 2018tik aurrera, euskaraz ez dakitenek zuzendu zituzten. Horrek, Seaskako ikasleen hizkuntza eskubideen aurka egiteaz gain, arazoak sortu dizkiete ebaluazioa jasotzeko orduan, eskolaratzea gainditzeko beharrezko dituzten notak jaitsi egiten baitizkie.
Ikasleek brebeta egin baino hilabete lehenago, maiatzaren 29an, 10.000 pertsona inguru bildu ziren Baionan euskarazko hezkuntzaren alde egiteko. Orain, brebeta egin ondorengo egunetan, beste hainbat ekintza antolatu dituzte uztailaren 1eko manifestazioa baino lehen. Donapaleuko Amikuze kolegioko hainbat irakasle, ikasle eta gurasok ikastola okupatu dute hiru egunez, ostegunera arte, 14-15 urtekoen zientzietako azterketak zuzentzaile elebidunek ebaluatzeko eskatuz.
Eñaut Elosegi Xalbador kolegioko zuzendariak agerraldia egin du Amikuzen, eta azaldu du azterketen kopiak kolegioan bertan gorde dituztela hezkunde nazionaleko langile batek “bahitu” eta Pauera edo Bordelera eramatea ekiditeko. Bertan zuzendu nahi dituzte, euskaraz, eta bertaratuak hor geldituko dira “helburua lortu arte”. Euskal Irratiak jaso duen moduan, Elosegik jendearen laguntza eskatu du, eta kolegiora hurbiltzeko deia egin du okupazioak iraun artean.