argia.eus
INPRIMATU
Seaskak 19,5 lan-postu erdietsi eta Hezkunde Nazionalarekin hitzarmena sinatu du
  • Seaskak, Hezkunde Nazionalak eta Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) sinatu dute Ikastolentzako Hitzarmena. Hezkuntza Akademia Errektoretzarekin gorabehera luzeetan jardun ondoren, eskatzen zituen 25etik 19,5 lan-postu erdietsi du Seaskak.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2019ko uztailaren 17a
Seaskako presidente berria Peio Jorajuria –Paxkal Indo presidente ohia–, EEPko Beñat Arrabit eta Hezkunde Nazionaleko Olivier Dugrip errektorea, hitzarmena gauzatzeko unean. Argazkia: Guillaume Fauveau.

Negoziazioak tirabiratsuak eta luzeak izan dira, eta lortua garrantzizkoa izanagatik, 19,5 lan-postu, Seaskak dituen beharrak ez dira arras bete. Iparraldeko ikastolek 30 irakasle postu behar izanen baitu datorren ikasturtea abiatzeko.

Negoziaziotan eskas diren hamar lan-postuak bere gain hartzeko prest zegoen ikastolen federazioa, Akademiak berriz hamar baino ez zuen eman nahi. Azkenik, herenaren bi parte erdietsirik, hitzarmena sinatu zuten mahaian zeuden hiru erakundeek. Hitzarmena hiru urterako da, hezkuntza ministerioak hemeretzi postu eta erdiren kostua hartu du bere gain.

Seaska urtez urte haziz doa, urtero goiti ari da, 4.000 ikasle ari dira dagoeneko. Beraz, hitzarmena ikasle kopuruaren arabera zehaztua izan da. Seaskako ordezkari Paxkal Indo pozik dago erdietsitako hitzarmenarekin, “datorren eskola sartzea baldintza ‘onetan’ egin ahal izanen dugu” adierazi du. Seaskaren hazkuntza etengabearen lekuko, heldu den irailaz geroztik Arbona-Ahetzen (Lapurdi) zabalduko den ikastola berria.

EEP izan da negoziazioetan hirugarren eragilea. Beste bi aldeek aitortu dutenez, EEP “berme” izan da akordio batera iristeko, haren laguntza eskertu dute horregatik. Hitzarmena lortzeko beharreko den lasaitasuna ekarri du EEPk.

Edonola ere, hitzarmenak baditu bere “hutsuneak”. Konparazionera, Seaskako ikasleek azterketa bat egin beharko dute urtero “euren gaitasunen maila” erakusteko. Beren euskara maila aztertuko zaie, baita hainbat gaietan duten ezagutza maila ere egiaztatu beharko dute. Azterketa hori frantsesez egin beharko dute.   

Seaskako presidente ohi Paxkal Indok berak aditzera eman duenez, atal horrek "hitzarmenaren mugak" agerian utzi dituzte. Izan ere, Frantziako Gobernuko ministro batzuek “murgiltze eredua zalantzan ezarri dute azken hilabeteotan”.