argia.eus
INPRIMATU
Seaskak elkarretaratzea egingo du Uztaritzen, 25 irakasle lanpostuak eskatzeko
  • Seaskak 25 irakasle lanpostu eskatzen ditu, eta Euskararen Erakunde Publikoak dio hamabost behar direla gutxienez. Hala ere, Frantziako Hezkuntza Ministerioak 5,5 lanpostu soilik eskaini ditu.

ARGIA @argia 2018ko ekainaren 12a
Maiatzaren 30ean hainbat herritan egin zituzten protestak. Argazkian, Xalbador Kolegiokoak elkarretaratzean. Argazkia: Xalbador Kolegioa.

Hala, mobilizazioak egiten jarraitzen dute eta ekainaren 13an, 14:00tan, Uztaritzeko Akademia Ikuskaritzan Seaskako irakasle eta langileak elkartuko dira 25 irakasle lanpostuak eskatzeko. Beltzez jantzita joateko deia egin dute, Seaskako ikastolek bizi duten arrisku egoera azaleratzeko.

Maider Aguerre Azkarateko Ikastolako irakaslea da eta kazeta.info hedabideari eskainitako elkarrizketan dioenez, 2018-2019 ikasturterako antolaketa oztopatzen ari da egoera. Iraileko sartzea ekaina hasieran prest izaten dute normalki. Aguerrek eman duen datuaren arabera, irailean 230 ikasle gehiago izango dira Seaskan eta emendatze horri aurre egiteko Frantziako Hezkuntza Ministerioak 5,5 lanpostu proposatzen ditu. Seaskak 25 beharko dituela uste du. Agurreren ustez, “5,5 lanpostu gehiagorekin ikastolen bi heren baino gehiago baldintza txarretan arituko lirateke”.