argia.eus
INPRIMATU
Seaskak bizi duen egoera larria gogora ekarri dute Herri Urratsen
  • Senpereko lakuan ospatu da Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoako ikastolen aldeko jaia. Miarritzen lizeo berri bat eraikitzeko erabiliko dute bildutako dirua.

Iera Aranburu @ieraran 2014ko maiatzaren 12a
Jende ugari Senperen, kontzertu batez gozatzen. (Argazkia: enbata.info)

Aldarrikapenez bete da Seaskak antolatutako festa. Irekiera ekitaldian  Paxkal Indo presidenteak euskaraz ikastea bermatuko duen lege propio bat behar dutela aldarrikatu du. Hizkuntza gutxituetan erakusten duten elkarteentzat ere lege propio baten beharra dagoela esan du, eta departamentuan Parisek duen ordezkariak jarritako oztopoak gogoratu ditu.

Azken urteetan ikastolek ekonomikoki egoera larria bizi dutela oroitarazi du. Ikastetxeetan haur gehiago dituzte, baina geroz eta diru gutxiago dute aurrera egiteko ordea: “Itotzen ari gara”. Eusko Jaurlaritzak azken urteetan eman ohi zien diru laguntza jasotzen ez dutela adierazi du Indok. Adierazpenen ondoren, Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak adierazi du “euskara sustatzeko elkarte ezberdinei, Seaska barne” 400.000 euroko diru laguntza eman diela aurten.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkaritza zabala izan da eta Martin Garitanok diru laguntza emateko Aldundiaren konpromisoa berretsi du: “Gure konpromisoa irmoa da”

Miarritzen lizeo bat eraikitzeko erabiliko dute bildutako dirua, Baionakoa txiki gelditu baita. Sei milioi euro behar ditu Seaskak lizeoa eraikitzeko, eta hainbat kontu korronte prestatu ditu horretarako.