argia.eus
INPRIMATU
Seaskak bere beharrak oroitarazi dizkio Benjamin Griveaux Frantziako Gobernuko bozeramaileari
  • Seaskako ikastolek behar dituzten irakasle postuetarako baliabideak emateko eskatu zioten atzo Frantziako Gobernuko bozeramaile Benjamin Griveauxari Donibane Lohizunen izandako bileran.

ARGIA @argia 2018ko azaroaren 30

Frantziako Gobernuko bozeramaileak Lapurdiko zenbait enpresa bisitatu zituen, eta goizean hainbat kolektibok iragarri zituzten protestak entzun behar izan zituen.

Jaka Horiak zain aurkitu zituen Mugerren goiz partean. Ilunabarrean, berriz, Seaskako kideak bildu ziren Donibane Lohizunen, Kasu, ikastolak kexu lemapean. Benjamin Griveauxek aldarrikapenak ozen entzun zituen eta segidan Seaskako ordezkariekin batzartu zen.

Seaskako zuzendari Hur Gorostiagak “Frantziako Gobernua euskararen garapena trabatzen ari dela” adierazi zion Gobernuko eledunari. Benjamin Griveauxek, aldiz, “Gobernua tokiko hizkuntzen alde dago”, erantzun zion, “Gobernuak ez du ezer aurka, aurrekontu arazoek oztopatu dute akordioa”, argudiatu zuen.

Seaskak 25 irakasle gehiago eskatu zituen ikasturte honetarako eta Gobernuak  5,5 baino ez dizkio eman. Anartean, Seaskak 14,5 postu bere sakeletik ordaindu du. Euskararen Erakunde Publikoak (EEP), berriz, 4,5 postu finantzatu ditu.

Datorren urteko ikastaldia bideratzera oso zaila aurreikusteen dute Seaskako ordezkariek. Hauen ustez, ikastolek hazten eta zabaltzen segitzen dute etengabe, hartara, instituzioek garaiz aztertu behar dute irakasle postuak bideratu ahal izateko dagoen premia.

Kari horretara, EEPk Gobernuari eskatu zion atzo lehenbailehen Parisen bilkura egitea Hezkuntza Ministerioa eta EEPren artean. Gaia: 2019ko eskola sartzearen aztertzea eta finkatzea.