argia.eus
INPRIMATU
Seaska UNESCOra joango da Hendaia eta Beskoitzeko ikastolen arazoa azaltzera
  • Seaska eta Eskolimeko presidente Paxkal Indok UNESCOren 37. Konferentzia Nagusian parte hartu du Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariarekin batera. Frantziak lurralde hizkuntzen garapenari trabak ipintzen dizkiola salatuko dute eta Hendaia eta Beskoitzeko ikastolen egoera nabarmenduko dute bereziki.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko azaroaren 06a
Hur Gorostiaga eta Paxkal Indo UNESCOra joanen dira Seaskaren ordezkari gisa Hendaia eta Beskoitzeko ikastolen egoera mahai gaineratzeko.

“Falloux legea” oinarri hartuta Hendaia eta Beskoitzeko eraikinen finantziazio publikoa legez kanpokoa zela esan zuen Patrick Dallenes Baionako suprefetak urte hasieran. Eta Herriko Etxeek ikastolak diruz laguntzeko erabakia galarazi zuen.

Arazoari konponbidea bilatzeko bide ezberdinen artean, UNESCOra joko zuela iragarri zuen Paxkal Indok. Frantziar Estatuak tokiko erakundeek ikastolak laguntzea galarazi nahi izatea salatuko du bertan.

Konferentzia horretan gai ugari landuko dira, besteen artean, hezkuntza eskubidea, ingurugiro eta garapen iraunkorreko hezkuntza, 2015etik aurrerako agenda, integrazio soziala edota informazio teknologietarako sarrera.

Hizkuntza eskubideen gaia baliatuz, Seaskako ordezkariek oroitaraziko dute Frantziak 1960ko Itun eta Errekomendazioetan hezkuntza arloko diskriminazioaren kontra hartutako engaiamenduak urratzen ari direla. Era berean azpimarratuko dute Estatu frantsesak 2005eko Itunean bildutako kultur aniztasunaren babes eta promozioari dagokiona ere ez dela errespetatzen. Izan ere, Itun horretan argi adierazten da "hizkuntza aniztasuna kultur aniztasunaren oinarri" dela.

Bi urtero biltzen da UNESCOren Konferentzia Nagusia eta erakundeko kide diren estatuen ordezkariek osatzen dute. Estatu bakoitzak bozka bakarra du, herrialdearen tamaina eta aurrekonturako parte-hartzea edozein izanik ere. Bertan finkatzen da hurrengo bi urteetarako UNESCOren norabidea zein izanen den; eta horretarako plangintza eta aurrekontuak zehazten dira.