argia.eus
INPRIMATU
Seaska eta Frantziako Gobernua Parisen bilduko dira gaur, ikastolen etorkizuna eztabaidagai
  • Seaskako ordezkariak Frantziako Barne, Kultura eta Hezkuntza ministerioetako ordezkariekin bilduko dira gaur arratsaldean Parisen, ikastolen egoitzen arazoari konponbidea emateko asmoz.

ARGIA @argia 2013ko uztailaren 16a
Seaskako kideak, hilaren 6an PSren egoitzatik irteten. (Argazkia: Garbine Ubeda Goikoetxea)

Bileran izango dira, era berean, murgiltze eredua duten eskolak biltzen dituen Eskolim federazioko kide bat eta euskal parlamentariak. Aurreikuspenen arabera, Colette Capdevielle, Sylviane Alaux eta Frederique Espagnac sozialistek bileran parte hartuko dute.

Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariaren hitzetan, gaurkoa "lehen lan bilkura" besterik ez da izango. Seaskak ikastolentzako lege berria eskatu du, baina Gobernuak zein proposamen egingo duen ez dakite.

Falloux legea: ikastolak kolokan

Uztailaren 3an, Seaskako 30 guraso eta irakaslek Baionako Alderdi Sozialistaren (PS) egoitza okupatu zuten, ikastolen finantzazioaren aferari irtenbidea bilatzeko. Hiru egun eman zituzten bertan.

Ekainean, Hendaiako ikastolaren eraikina herriko etxeak ordaintzea legez kanpokotzat jo zuen Patrick Dallennes Baionako suprefetak Falloux legea oinarri hartuta. Haren hitzetan egoitza pribatuak ezin dira diru publikoarekin finantzatu: "Ez dago konponbiderik. Bederen ez dago biderik erakunde publikoek eraikin publiko bat ordaintzea aipatzen bada. Ez Hendaian ez bertze ikastolen kasuan".

Seaskako lehendakari Paxkal Indoren ustetan, suprefetak “irizpide zorrotz” hori bera baliatuko balu Seaskak etorkizun hurbilerako dituen ekimen gehienak bertan behera geratuko lirateke, murgiltze ereduaren jarraipena “arriskuan jarriz”.

Ekainaren 22an 3.000 lagunek manifestazioa egin zuten Baionan, suprefetaren erabakia gaitzetsi eta ikastolak babestuko dituen lege bat eskatzeko.