argia.eus
INPRIMATU
Sea Shepherd talde ekologistaren “Bob Barker” ontzia porturatuko da Getxon
  • Sea Shepherd nazioarteko talde ekologista Getxoko gurutza-ontzien terminalean porturatuko da eguenean, martxoaren 1ean. Euren bandera-ontzian helduko dira gurera: Bob Barker. Zapatuan eta domekan barkua bisitatu ahalko da, 10:00etatik 17:00etara.

Hiruka .eus 2018ko otsailaren 28a
Bob Barker itsasontzia Sydneyko portuan, artxiboko irudian.

Itsasoen defentsaren alde lan egiten duen nazioarteko taldea da Sea Shepherd. Mugimendu horrek duen flotaren itsasontzirik garrantzitsuenetarikoa da Bob Barker, eta hori Iberiar penintsulan porturatzen den lehenengo aldia izango da oraingoa. Horrek, gainera, historiako itsas-jarraipen luzeenaren errekorra du bere gain: Antartidan modu ilegalean zebilen Thunder izeneko arrantzontzi piratari jarraitu zion, 20.000 kilometroz; Interpol horren atzetik zegoen baita ere.

Astearte gauean heldu dira Abrarako itsasadarrera, baina, eurek azaldu dutenez, eguenean goizean porturatuko dira, Getxoko gurutza-ontzien terminalean. Itsasontzian Sea Shepherd Globaleko arduradunak etorriko dira, hala nola elkarteko zuzendari nagusia den Alex Cornelissen kapitaina.

Berton dauden bitartean, itsasoaren defentsarako hainbat jarduera egingo dituzte, Bilboko Itsas Museoagaz eta Getxoko Ingurumen Sailagaz elkarlanean. Besteak beste, joan den azaroaren 24an Zarautzeko hondartzan lehorreratu zen bale-kume bat salbatu zuten sei surflariak omenduko dituzte martxoaren 2an, 22:00etan, Bilboko Itsas Museoan. Gainera, itsasontzia doan bisitatu ahalko da, zapatuan eta domekan, 10:00etatik 17:00etara, Getxoko portuan bertan.

Albiste hau Hirukak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.