argia.eus
INPRIMATU
Analisia
Schrödingerren katua Katalunian agertu da
  • Ea, saia gaitezen zerbait garbi ulertzen: asteartean Carles Puigdemontek independentzia aldarrikatu zuen, bai ala ez? Badirudi Espainiako Gobernuan ez daudela oso seguru, asteazken honetan argitzeko eskatu baitiote Generalitateari. Baina, hori eginez, Konstituzioaren 155. artikulua indarrean jarri al du Rajoyk?

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2017ko urriaren 11
Mariano Rajoy, Puigdemonten adierazpenari erantzuteko egin duen agerraldian.

Ba hori ere ez dago guztiz argi. Eta beraz, erantzun zuzenena, agian posible den bakarra, honakoa izan daiteke: Kataluniako independentzia prozesua eta Espainiako Gobernuak hura eragozteko abian jarri dituen maniobrak Schrödinger fasean sartu dira.

Ezaguna da Erwin Schrödinger austriar fisikariak 1935an proposatu zuen esperimentua, paradoxa bat agerian uzten duena: katu bat bizirik eta hilda egon daiteke aldi berean. Fisika kontuetan oso jantziak ez gaudenok eskertzen diogu Wikipediari gurekin ulerkorra izatea, esperimentuaren ondorioa esplikatzean zera esaten baitu: “Honek noski, erabat ilogikoa dirudi, eta sen onaren aurka doa erabat, baina mekanika kuantikoaren arabera egoeraren deskripzio teorikoki zuzena da”.

Kataluniako aferaren momentu honetako azalpen politikoki zuzena ere hori izan daiteke: Kataluniak independentzia aldarrikatu duela eta ez duela aldarrikatu, aldi berean. Eta Rajoyk autonomia bertan behera uzteko aukera ematen dion Konstituzioaren 155. artikulua aplikatu duela eta ez duela aplikatu, aldi berean.

Eta Schrödingerren esperimentuan bezala, bai Kataluniako Gobernuak eta bai Espainiakoak erabaki dutela beren gain ez hartzea paradoxa zapuztuko lukeen ekintza, alegia, katua dagoen kaxa irekitzea. Material erradioaktiboarekin ari dira laborategi politikoan eta ikusle gehiegi dauzka esperimentu honek jada. Kafe bat hartzeko ordua da.

Baina ez dute elkarrekin hartuko. Puigdemonten adierazpena entzunda elkarrizketarako borondatea aipatu zuten nazioarteko hedabideek. Ez dute horren antza daukan ezer aurkituko Mariano Rajoyren asteazkeneko agerraldia hamabost aldiz errepasatuta ere: Clint Eastwoodek jarraitzen du izaten Moncloako pelikulan izar.

Badago nobedade txiki bat hala ere, izan ere, orain arte ia testurik eduki ez duen aktoreak, PSOEk, Konstituzioaren erreformaz hitz egin du, autonomien egoerari buruzko sei hilabeteko ebaluazio-fasea iragarriz. Eta Espainiako Gobernua ados omen dago.

Gaur-gaurkoz ez dirudi Puigdemont probeta horretan kabituko denik, are gutxiago gainontzeko alderdi eta eragile independentistak. Argixeago dagoena da, Moncloako mezuaren ondoren, Generalitatearen esku dagoela Schrödingerren katua hilda ala bizirik dagoen begiratzea.