argia.eus
INPRIMATU
Sayas eta Adanero sostengatzen duen plataforma sortzen ari dira Nafarroan
  • Oraindik ez du izenik eta UPNko bi diputatu ohiek ez dute publikoki jakinarazi zer jarrera izango duten plataformaren aurrean, baina espero da datozen egunetan zerbait adieraztea. Sayasek dio jende asko ari dela UPN uzten eta militante askok helarazi diela sostengua.

Xabier Letona Biteri @xletona 2022ko martxoaren 09a
Adanero eta Sayas Espainiako Kongresuan. (Arg.: EITB)

Egoerak bero eta korapilatsu jarraitzen du UPNn joan den otsailaren 3an Sergio Sayas eta Carlos García Adanerok Espainiako Gobernuak proposatutako lan erreformaren aurka bozkatu zutenetik, UPNko zuzendaritzak agindutakoaren aurka. Horren ondorioz, iragan martxoaren 1ean UPNko Berme Batzordeak alderditik kanporatu zituen bi urte eta erdiz militantzia etenez.

Bi diputatuek, iragarrita zuten bezala, eutsi egin diete diputatu aktei eta alderdi eskuindarraren bueltan zalaparta handia sortu da, egunotan plataforma berri bati bidea irekitzeraino. Sergio Sayasek aditzera eman zuen zerbait, zigorraren berri izan ondoren: “Javier Esparzak UPN apurtzeko temati jarraitzen du eta lortze bidean da”. Adaneroren hitzak ere ez ziren atzean geratu: “Zentro-eskuineko alternatiba eman behar zaie Nafarroako Gobernuari eta Espainiakoari, inoiz sanchismoaren makulu izan gabe”.

Pertsonen atxikimendua biltzen duen idazki bat zabaldu da oraingoz, eta sinatzaileek eskatzen dute “askatasuna printzipio utziezin gisa” hartuko duen plataforma sortzea, “Nafarroaren defentsan arituko dena, eta Espainian ere berriz eredugarri izango dena”. Idazki horren esanetan, Nafarroaren desagerpena nahi duen nazionalismoaren inguruan egituratzen da egungo foru gobernua, eta herritarrak egoera horri aurre egiteko antolatu nahi ditu.

Berriozarko militante guztien baja

UPNn dagoeneko hasi dira militanteen bajak sumatzen, baina ez dago garbi zein kopurutan. Kasurik adierazgarriena Berriozarrekoa izan da, hango UPNko 20 militanteek alderdia utzi dute, horien artean lau zinegotziek. Daniel Cuesta da UPNko taldearen udal bozeramailea eta hark Pamplona actual hedabideari esandakoaren arabera, “uste dugu alderdi hau ez dela hainbat urtetan militatu dugun alderdi bera, zuzendaritzak hartu duen erabakia okerra da eta alderdia apurtzen du”.

Uharte eta Orkoiengo UPNko boz-emaile hurrenez hurren Severiano Maillo eta Paola Maillok ere alderdia utzi dute, eta Sayasen esanetan militante askok hartu dute jarrera hori Nafarroa osoan. Ciudadanoseko beste hainbatek ere sostengua adierazi dietela azpimarratu du.