argia.eus
INPRIMATU
analisia |
Save the Children, saldu bonbak (II)
Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2025eko martxoaren 31

Historia errepikatzen dela idatzi zuen Marxek, “lehenik tragedia gisa, gero fartsa moduan”. Armagintzaren eta militarismoaren inguruan errepikapen hutsa ez, espiralean goraka doan buklea ari gara bizitzen, fartsatik asko duena, eta tragedian amaitzeko gero eta aukera gehiago.

Otsaileko izenburu bereko artikuluan salatu nuen Pilar Kaltzada aldi berean izatea Save the Children GKEko Espainiako presidente eta Zedarriak armagintzaren lobbyko kide; Jokin Aperribay Realaren presidente eta SAPA enpresako nagusi; Mikel Torres sailburua armagintzaren hooligan. Honatx aipatu espiralaren hiru froga, hilabete bakarrean:

ARGIAren irakurle Amelia Barquinek Save The Childreneko bazkideen arreta zerbitzuko arduradunarekin postaz izaniko elkarrizketa helarazi dit. “Bateragarria iruditzen al zaizu armen aldeko lobby batekin lan egitea eta aldi berean hau bidaltzea?” galdetu zion, Gazako haurrentzako dirua eskatzen jasotako mezuari aipamena eginez. “Kaixo, Amelia, eskerrik asko zure kontsulta eta laguntzagatik. Ez dago zuzeneko loturarik Save the Children eta Zedarriak taldearen artean. Pilar Kaltzada Save the Children erakundearen patronatuko presidentea da. Patronatu hori pertsona independente ospetsuek osatzen dute, hainbat erakunde publiko zein pribatutan karguak dituztenak”.

“Europarrak gure historian de-fen-tsa egiten dugu, eta ez e-ra-so-a. Defentsarako bada, ni lasai geratzen naiz”. Guau

Armagintzak herritar “askori” sortu ahal dien “ezinegon etikoagatik” galdetu zioten Mikel Jauregi Industria sailburuari Faktoria saioan martxoaren 11n: “Europarrak gure historian de-fen-tsa egiten dugu, eta ez e-ra-so-a. Defentsarako bada, ni lasai geratzen naiz”. Guau. Egungo estatuak (Espainia eta Frantzia kasu) sortzeko barne gerra kontaezinak; mundua kolonizatzeko mendetako sarraskiak; bi mundu gerrak; 1936koa; Errusiaren Ukrainako inbasioa (Errusia Europa baita): defentsa hutsa.

Otsailaren 23an Sapa: puntako euskal teknologia AEBko armadan erreportajea argitaratu zuen La Vanguardiak: "Euskal familia-enpresa bat munduko armada indartsuenaren erreferentziazko aliatuetako bat bihurtu da: AEBkoa". SAPAren zuzendariek enpresaren helburua zehaztu zuten: “NATOren erreferentziazko enpresa izatea mugikortasunaren alorrean". Taldeak AEBtan duen lantegiak pisua irabaziko omen du, izan ere, produkzioa bertan eginda muga-zergek “ez liokete eragingo euskal taldeari”. AEB, armen erabilera eta salmenta defentsiboan ereduetan eredu, galdetu bestela Gazako haurrei.

Gerra normalizatzeko gerran jarraitzen dute. Horregatik proposatu du EBk herritarrok etxean produktuen kit bat prest izatea “gutxienez 72 orduz iraun ahal izateko kanpoko laguntzarik gabe”, lankidetza zibil-militarra, edo hezkuntza zentroetan formazioa.

Ez dezagun normaldu. Hau erantzun zion Ameliak GKEko arduradunari: “Egiatan? Zedarriak armagintzaren aldeko lobbyarekin lerrokatzea bateragarria da Save the Children gobernatzearekin? Uste dut Zedarriak koherenteagoa dela Kill the children-ekin Save the Childrenekin baino”. Ez du erantzunik jaso bueltan.