argia.eus
INPRIMATU
Sautrela, hezibide sentimental bat
  • Poligrafoa gora eta behera ari ginela iritsi zaigu Sautrela kenduko dutelako albiste aski penagarria. Zehaztapenak etorri dira gero, saioa 2013an itzul “daitekeela” entzun dugu. Posible izateagatik, ia dena da posible. Ez ditzagun ahantz, Sautrela bezala poligrafo bidezko telebista eredutik aldentzen ziren Posdata eta Zinemateka desagertuak, edo beti kolokan ibiltzen den Orain saioa. Bai, kulturzaleok ere zergak ordaintzen ditugu zintzo-zintzoki, astean telebista ordutxo batzuk merezi izateko lain bai behintzat. Ez dugu sobera eskatzen; konforma errazegiak gara, eiki.

2012ko martxoaren 04a

Nire belaunaldiko literaturzaleontzat Sautrela izan da, ziur aski, euskal literaturak medioetan izan duen erreferente behinena. Niretzat, bederen, hala izan zen. Nire hezibide literarioaren –eta hortaz, sentimentalaren– puska handi samarra hartzen du Sautrelak. Ondo gogoan dut nola ikusi nuen behin Juan Gartzia, Godoten esperoan itzuli eta argitaratu berritan, Samuel Becketten mundu berezi hari buruzko azalpenak ematen. Uda hartan irakurri nituen irlandarraren antzerki obra ezagunenak, eta handik egin nuen Eugène Ionesco-rakoa. Hamar urte beranduago, masterreko amaierako lan gisa, Becketti buruzko tesina aurkeztuko nuen ia 600 kilometro urrunago, Bartzelonan. Hilabete batzuen buruan, berriz, Reading-o Samuel Beckett fundazioko liburutegiko apal batean topatuko nuen Gartziaren itzulpena, estreinakoz Sautrelan ikusitako hura, 1.000 kilometro urrun ordukoan.

Euskal Herri zabalean apenas dugu espaziorik literatura unibertsalaz hitz egiteko euskaraz, eta Sautrela zen azkeneko gotorlekuetako bat. Literatur saio gutxik hitz egingo zuten halako begirunez “beste” literaturez, txokokeria txepelez libro; Sautrela, euskal literaturari buruzko programa baino, literaturari buruzkoa baitzen. Gao Xingjian eta José Saramago nobel saridunak, Antonio Tabucchi, Marie Darrieussecq, Quim Monzó, Antonio Lobo Antunes, Enrique Vila-Matas, Pavel Kohout, Ismael Kadaré, Sautrelatik igaro dira. Baina ondo irakatsi digu Sautrelak, halaber, nortzuk izan ziren James Joyce, Franz Kafka, Italo Calvino, Anton Txekhov, Augusto Monterroso, Simone de Beauvoir, Truman Capote, J. M. Coetzee, Marguerite Duras, Jorge Luis Borges, Jack Kerouac.

Nire kideetako ugarik lan egin dute saioan eta ausartuko nintzateke esatera haientzat ere eskola aparta izan dela; atera kontuak, Eider Rodriguez, Edorta Jimenez, Kirmen Uribe, Jon Benito, Lander Garro dira handik igaro direnetako batzuk. Ia denboraldi guztietako zuzendari eta aurkezlea, Hasier Etxeberria, aipatzeke utzi gabe, noski.

Baina literaturaz hitz egiteaz aparte, Sautrela bera ere, harribitxi izatera ailegatzen zen maiz. Errealizazio ezin finagoarekin, musika bero bezain ederrarekin, irakurketa zehatz eta zainduekin, nekez aurkitzen ahal zen halako mailako literatur saiorik inguruotan. Eta hori guztia aurrekontu apal-apalarekin, ezagun denez. Baiki, itzelezko lana egin dute, orobat, errealizadore, kameralari eta enparauek.

Ez dakit zelako audientzia emaitzak izango zituen. Jakin badakit, ordea, inongo audimetrok ezingo duela kalkulatu arestian aipatutakoen balioa, ez eta Pello Lizarralde, Josu Landa, Anton Garikano, Lourdes Oñederra, Xabier Olarra, Ur Apalategi, Koro Navarro, Amaia Lasa, Joxanton Artze, Itxaro Borda, besteren artean, literaturaz hitz egiten ikustearena. Ez dezagun, ez dezaten, ahantz: badira egon telebista-aparatura atxikitzen ez diren neurgailuak. Adiorik ez.