argia.eus
INPRIMATU
Espainiako errege ohia ikertzen ari da Suitza, Saudi Arabiako monarkiak ustez oparitu zizkion 100 milioi dolarrengatik
  • Suitzako Fiskaltza ikertzen ari da 2008an Abdullah bin Adbul Aziz Al Saudek, Saudi Arabiako erregeak, Juan Carlos I.a Espainiako errege ohiari egindako 100 milioi dolarreko donazioa, Tribune de Genève egunkariak publikatu duenez. Diru horretatik ustez 65 milioi eman zizkion Juan Carlos I.ak Corinna Larsen bere bikotekide ohiari, eta beste milioi bat berarekin harreman bat izan zuen emakume suitzar bati.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko martxoaren 05
Juan Carlos I.a errege ohia eta Saudi Arabiako printzipea.

Juan Carlos I.ak 2012an eman zien dirua Corinna Larseni eta beste emakumeari, haren irudi publikoa hondoratu zuen Botswanako elefante-ehizaldiaren ondoren. Bidaia horrek sortu zuen eskandaluaren ondorioz, Mirabaud banketxe pribatuak bertan Lucum fundazioaren izenean zuen dirua ateratzeko eskatu zion erregeari, banketxearen “ospe ona” mantentzeko.

2018an hasi zen Suitzako Fiskaltza auzia ikertzen, Corinna Larsenen bideo batzuk aireratzearekin batera. Bideo horietan Larsenek adierazi zuen Espainiako erregea komisio bat kobratzen ahalegindu zela, Mekako (Saudi Arabia) abiadura handiko trenaren eraikuntzagatik.

Fiskaltzak hari horri jarraitu dio peskizetan, eta behin betiko frogarik ez badu ere, esku artean darabilen teorietako bat Juan Carlos I.ak abiadura handiko trena eraiki zutenei honen prezioa jaisteko eskatzearen truke jasotako komisio bat direla 100 milioi dolarrak. Larsenen abokatuek teoria hori ukatu dute, 2008an jaso baitzuen dirua erregeak, eta proiektua 2009an jarri baitzen martxan.