argia.eus
INPRIMATU
Saudi Arabiari armak saltzearen aurka Greenpeacen ekintza Santurtziko portuan
  • Greenpeaceko hainbat ekintzailek protesta ekintza egin dute Santurtziko portuan, Saudi Arabiara armak bidaltzearen aurka. Arma merkataritzaren ezkutukeria salatu nahi izan dute horrela, baita ohartarazi ere Espainiako Estatuan ez dela legezkoa herritar zibilen aurka erabil litezkeen armak esportatzea.

Unai Brea @unaibrea2 2017ko irailaren 22a
(Argazkia: Greenpeace / Pablo Blazquez)

Greenpeaceko kideek pankartak zabaldu dituzte portuan, “Ez dugu konplize izan nahi” eta “Espainiar markako armak hiritarrak hiltzeko” testuekin. Saudi Arabiara joango den Bahri Tabuk ontzian armak sartu dituzte gaur, eta haren alboan jarri dira aktibistak; “armen zati bat behintzat Expal Systems enpresan egindakoak direla jakin izan dugu”, azaldu du Greenpeacek. Expalek Araban du jatorria, eta aste honetan ARGIAk kaleratu duen euskal armagintzari buruzko erreportaje honetan aipatzen den enpresetako bat da.

“Zoritxarrez, aste honetan bertan PPk, PSOE keta Ciudadanosek Saudi Arabiarako arma esportazioari betoa ezartzearen aurka bozkatu dute [Espainiako] Diputatuen Kongresuan”, gaineratu du Greenpeacek. Irailaren 15ean talde ekologistak, beste hiru GKErekin batera, espainiar armen esportazioaren inguruan dagoen ezkutukeria salatu zuten, hain zuzen ere Bilbon emandako prentsaurreko batean.

Esan zutenez, sekretu ofizialei buruzko araudiak eragozten du arma esportazioa arautzen duen legea benetan betetzen ari den ala ez. Horrek ahalbidetzen du, esaterako, Saudi Arabiara armak bidaltzea, Yemengo gerran erabiliak izateko arriskua egonik ere. NBEren esanetan, gutxienez 8.000 zibil hil dira Yemenen 2015etik, gaurko ekintzaren harira gogorarazi dutenez.