argia.eus
INPRIMATU
Saudi Arabiarentzako arma bidalketan parte hartzeari uko egin dio suhiltzaile batek Bilbon
  • Bilboko suhiltzaile batek uko egin dio Bilboko portuan Saudi Arabiara bidali behar zuten arma kargamentu baten segurtasun taldean parte hartzeari. Kontzientzia-objekzioa argudiatu du, bonba horiekin Yemengo gerran zibilak hiltzeko arriskua dagoela esan du.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko apirilaren 03a
Saudi Arabiak Yemengo hiriburuan, Sanan, egindako bonbardaketa. (Arg.: Reuters)

Martxoaren 13an 4.000 tona bonba kargatu zituzten ontzi batean Saudi Arabiara bidean. Karga arriskutsua duten operazio guztietan egin ohi den antzera, suhiltzaile talde batek egon behar zuen han badaezpada. Dispositiboaren buruak, ordea, uko egin zion eginkizuna betetzeari kargamentuaren berri eduki zuenean.

El Correo-k jaso duen albistean dio ez zuela konplize izan nahi bonba horiek zibilei botatzearekin. Bere buruak tematu baziren ere ez zuen atzera egin, eta beste arduradun bat izendatu behar izan zuten dispositiborako.

Bere jarrera defendatzeko, suhiltzaileak prentsako zatiak eta Europako Parlamentuko ebazpenak erantsi zituen igorri zuen informean. Baina buruen ustez ez da nahikoa, eta Bizkaiko Diputazioak —operazioaren arduraduna— baieztatu du diziplina-espediente bat ireki diotela “betebeharra ez betetzeagatik”.