argia.eus
INPRIMATU
Saudi Arabiak ez du lortu NBEko Giza Eskubideen Kontseiluan nahi zuen postua
  • Hamabost postu berritu ditu Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiak. Saudi Arabiak ez du lortu NBEko Giza Eskubideen Kontseiluan sartzeko beharrezko babesa. Bolivia, Txina edo Pakistan sartu dira, besteak beste, kide berrien artean.

Jone Markuleta @JMarkuleta 2020ko urriaren 14a
Salman bin Abdulaziz eta Mohamed bin Salman Saudi Arabiako errege eta printzea.

Saudi Arabiak ez du eserlekurik lortu hamabost postu berritu dituen Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Kontseiluan.

Asiako eta Ozeano Bareko taldetik hautagaitzat aurkeztu diren bost herrialdetatik lauk baino ez dute lortu postua kontseiluan. Txina, Saudi Arabia, Nepal, Pakistan eta Uzbekistan aurkeztu dira. Monarkia absolutuz gobernatzen den herrialde arabiarra kenduta, beste denek lortu dute sartzea. 

Azkenik, Bolivia, Boli Kosta, Erresuma Batua, Errusia, Frantziako Estatua, Gabon, Kuba, Malawi, Mexiko, Nepal, Pakistan, Senegal, Txina, Ukraina eta Uzbekistan izango dira organoan sartuko diren hamabost herrialdeak. Hiru urte egongo dira datorren urtarrilaren 1etik aurrera. Herrialde horien guztien artean, Human Rights Watchek Errusia, Kuba eta Txinaren hautagaitzak baztertu nahi izan ditu.

Saudi Arabiako kasuari dagokionez, gobernuz kanpoko erakundeak gogorarazi du, agintariek erreformak iragarri arren, herrialdeak giza eskubideen defendatzaileen eta disidenteen aurka egiten jarraitzen duela, eta kontu gutxi ematen dituela iraganeko krimenengatik, Jamal Khashoggi kazetariaren heriotza barne.