argia.eus
INPRIMATU
Saudi Arabiak adin txikikoen heriotza zigorra deuseztatu du
  • Adin txikikoek egindako delituengatik heriotza zigorrik egongo ez dela adierazi du Saudi Arabiako Giza Eskubideen Komisioko presidente Awwad Alawwadek. Horren ordez, gehienez jota hamar urtez egon beharko dute adin txikikoen zentroetan.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko apirilaren 27a
Mohammen bin Salman Saudi Arabiako printzea. Argazkia: La Vanguardia.

Arabia Saudi munduko herrialde hertsienetako bezala definitu izan dute askok. Mohammed bin Salman printzea da de facto agintaria, eta islamaren interpretazio Wahhabista zorrotzaren arabera agintzen du. Giza eskubideen defendatzaileen kritika andana jaso du, herrialdeak ezartzen dituen zigorrek giza eskubideak urratzen dituztela salatuz.

Izan ere, 2019an 187 pertsona exekutatu zituzten gutxienez; zifra altuena 1995etik. Aurten ere, urtarriletik hamabi lagun exekutatu dituzte. Adin txikikoen exekuzioak debekatzeko erabakia kasu entzutetsu baten ostean hartu dute; arabiar udaberrian parte hartzea leporatzen dieten sei gazte exekutatu behar zituzten, altxamendua gertatutakoan adin txikikoak zirenak.

Zigor kode modernoagoa ezarri nahian

Saudi Arabiako zigor kodea polemikoa da nazioarteko ikuspegitik. Exekuzioak soilik ez, azotearekin kolpeak ere onartzen zituen orain arte zigor kodeak. Orain, zigor kodea “modernoagoa” egiteko asmoz, adin txikikoen exekuzioez gain azotearekin emandako kolpeak ere debekatu dituzte.

Azotea delitu ugariren zigor bezala erabili izan dute herrialdean; islamaren aurkako adierazpenak egitea, bikotekidea ez den norbaitekin harreman sexualak izatea, lapurretan egitea, etab. Raif Badawi blogariaren kasua entzutetsua izan zen; 2014an islamari iseka egiteagatik 1.000 azote kolpe hartzera kondenatu zuten, hamar urteko kartzela zigorrarekin batera.

Urteetan giza eskubideen aldeko ekintzaileen kritikak jaso ditu, ez bakarrik zigorra beragatik, baita epaiketaren sinesgarritasunagatik ere. Izan ere, islamaren arabera egindako irakurketetan oinarritzen dira epaiak.