Satorralaia bizilagunen mugimenduak deialdia egin die Donostiako talde sozial eta persona guztiei martxoan zehar egingo dituzten informazio eta salaketa ekintzen dinamikan parte har dezaten. Apirilaren 1ean larunbata "Metroaren pasanteari ez!" lemapean manifestazioa egingo dute, eta martxoan zehar ekimen ugari prestatu dituzte, autobus publikoetan eta Donostiako auzoetan informazioa emateko, batez ere. Martxoaren 16an Gasteizera autobusa antolatzen ari dira, Eusko Jaurlaritzaren aurrean elkarretaratzea egiteko.
Mobilizaziorako deia egiteko prentsaurrekoa egingo dute Donostiako udaletxearen aurrean, 11:00etan. Manifestaziorako deialdia eta mobilizazio horren aurretik egingo dituzten ekintzak publikoki jakinaraziko dituzte. Metro-pasantearen gaiaren egungo egoerari buruzko irakurketa egingo dute. "Uneotan mobilizazioa bultzatzeak duen garrantzia azpimarratuko dugu proiektu horren inposaketari aurre egiteko".
"Garraio publikoaren erabiltzaileei metroaren pasantearen proiektuak autobus zerbitzuetan aurrikusten dituen murrizketei buruz informatzea da helburua". Lehen ekintza informatiboa martxoaren 4a larunbatean egingo dute, Boulebarreko markesinetan 11:30etik 14:00etara. Hurrengo egunetan ekintza informatibo puntualak egingo dituzte talde txikitan hiriko autobus geltokietan. Ekimen honi amaiera emateko, martxoaren 15ean Dbus-eko langileen Kurpil elkartearen hitzaldi informatiboa antolatu dute Lugaritz kultur etxean 19:00etan.
Gasteizen Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean metroaren pasantea gelditzeko eskatuko dute kontzentrazio batekin. Dbus-eko Kurpil langile elkartearen laguntzari esker, bidaia dohainik izango dela jakinarazi dute. Izen emateak ireki dituzte satorralaia [abildua] gmail.com helbidean. Autobusa 9:00etan abiatuko da Pio XII plazatik eta Lakuan elkarretaraztea 11:00etan egingo dute. Autobusa 12:30ean abiatuko da bueltan Gasteiztik, Donostiara 13:45ak aldera iristeko.
Hiriko puntu ugaritan informazio orriak banatu nahi dituzte. Laguntza eskatu dute kalean, lantokian edo ikastetxeetan materiala banatzeko, eta horiek eskuratzeko, aurrez aipatutako emailera idazteko eskatu dute. Horrez gain, martxorako erakusketa informatibo bat prest edukitu nahi dutela diote, auzoz-auzo mugitzeko.
Manifestaziorako azken deia egingo dute Koldo Mitxelenan 11:00etan.
"Metroaren pasanteari ez!" lemapean, 12:00etan manifestazioa egingo dute Easo Plazatik abiatuta.