argia.eus
INPRIMATU
Satelite bidez ere Esako urtegia desegonkorra dela ohartarazi dute
  • Ikerketa geologikoek behin baino gehiagotan ohartarazi dute, eta, orain, satelite bidezko zaintzatik heldu da abisua: Esako urtegia ez da egonkorra. Copernicusek, Lurra behatzeko Europako Batasunak abian jarritako programak, "mugimendua" antzeman du urtegiaren hegaletan.

Euskalerria irratia @fm983irratia Maialen Huarte Arano 2023ko irailaren 19a

Ez soilik lurrazalean, baita "100 metro baino gehiagoko sakoneran" ere. Mugimendua barruko aldean ere antzematen dela jakinarazi du azken txosten honek. Eta ondoriozta daiteke, urtegia arriskutsua dela gaur, eta arriskutsua izanen dela beti. Aurretik ere beste geologoek ohartarazi bezala, Antonio Casas eta Antonio Aretxabalak ere Copernicusek dioena berretsi zuten: mugimendua badela eta segurtasunik ezin dela ziurtatu.

Belen Ausejo 'Esa gehiagorik ez' plataformako kideak esan du, Casas eta Aretxabalak ere esan zutena berresten duela azken honek. Aurretik ikerketa independenteek ere hala adierazi zutela gogoan izan du. "Argi dago interesak badaudela, obra egiteko eta ekonomikoki enpresa zehatzei dirua bideratzeko egon daiteke nahia. Izan ere, ez dago ikerketa seriorik aztertuko duenik benetako onurarik ekarriko ote lukeen urtegia handitzeak", esan du. "Ureztatzea bada kontua, ez dago erregadio lur gehiagorik. Hondamendi gehiago baino ez du ekarriko", gaineratu du. Berretsi egiten du azken txosten honek ere Esako urtegian gertatzen denak.