“Garapen ekonomiko eta soziala” erraztuko lukeela argudiatuta, Andaluziaren independentzia aldarrikatu du Oscar Reina SAT sindikatuko bozeramaileak, orain Podemosko diputatu den Diego Cañameroren ordezkoak. Euskal Herriko eta Kataluniako prozesu independentistak ahizpatzat jo ditu Reinak.
“Subiranotasun gehiago, independentzia gehiago eta bakoitzaren baliabideak behar dira”. Kaos en la Red-ek jasotako adierazpenetan, Reinak azaldu du independentismoa sindikatuaren barruan gailentzen den joera dela, estatutuetan bildua.
“Erradikala izatea ez da txarra, arazoaren muinera joatea da, eta Andaluziaren arazoa duela ehun urteko bera da, bere baliabideen inguruko erabakiak hartzeko gai ez dela”, gaineratu du.
Euskal Herriaren eta Kataluniaren prozesu independentisten inguruan, SATeko bozeramaileak esan du “zenbat eta lehenago haiek entzun, orduan eta lehenago izango gara libre andaluziarrak; (…) nazionalistak gara internazionalistak izateko, langile bat gauza bera baita edonon”.
Bederatzi urteko ibilbidea
Sevillako Pablo de Olavide unibertsitatean sortu zen SAT Andaluziako Langileen Sindikatua, 2007an. Reinak azaldu duenez, 5.000 militante daude sindikatuan kuota ordaintzen dutenak, baina gastu horri aurre egiteko gai ez direnak edo prestazio ekonomikoren bat jasotzen dutenak kontuan hartuta, sindikatuak ia 25.000 kide dituela adierazi du.
Oscar Reinak 26 urte ditu eta urrian urtea beteko du sindikatuaren buru. Sevillako Gilena udalerrian zinegotzia zen SATeko bozeramailea izan aurretik. Espediente judiziala dauka bi lursail okupatu eta beste bi supermerkaturi eraso egiteagatik, baina ez da zigortua izan. Bigarren auziaren inguruan Reinak azaldu du “ondorio penalik ez izatea espero dut, ez bainaiz aberastu eta inori minik egin ez diodalako”.