Azaroaren 5ean epaituko dituzte Barakaldoko epaitegian. “Kapitalismoaren logikatik kanpo” dagoen alternatiba bat sortzeagatik okupazio mugimendua “kriminalizatu eta zigortu” nahi dutela salatzen dute gaztetxeko kideek. Txirbilenea Kulturgunearen hustearen aurka ere agertu dira ostiralean manifestariak.
Azaroaren 1ean kaleak bete dituzte Portugaleteko milaka lagunek bertako bederatzi gazteren absoluzioa eskatzeko. Portugaleteko Sastraka Gaztetxeko kide dira, eta azaroaren 5ean Barakaldoko epaitegian epaituko dituzte.
Okupazio mugimendua “kriminalizatu eta zigortu” nahi dutela diote gaztetxeko kideek, eta bederatzi gazteen kontrako epaiketa “mundu ikuskera eta borroka kolektibo bati egiten zaion epaiketa bat” dela diote, “Euskal Herrian zein mundu osoan gertatzen dena”.
Sastraka Gaztetxeak Portugaleteko herritarrei “espazio kolektibo bat eskaintzea lortu” duela diote bertako kideek, eta “kapitalismoaren logikatik kanpo” dagoen alternatiba politiko nahiz kulturala sortu duela berresten dute. Honela, gaztetxeko kideek azaldu bezala, “galbidera bideratu nahi zuten eraikin bat lau urtez haien eskuetatik askatu eta bizi berri bat eman diotelako” kriminalizatu nahi dute okupazio mugimendua.
Portugaleteko Carlos VII metro sarreratik atera da ostiralean manifestazioa, eta Sastrakako kideen absoluzioa eskatzeaz gain Txirbilenea Kulturgunearen hustearen kontra azaldu ziten. Txirbilenea okupatutako espazio kultural bat da, eta bertako kideek jakinarazi zutenez, urriaren 30ean Sestaoko EAJko alkatetzak eraikina gehienez ere bost egun baliodunetan, azaroaren 6ean beraz, husteko ohar bat helarazi zien. Egun Emakume Migratu Feministak taldearekin aritzen dira elkarlanean eta eraikineko lehenengo solairuan bizitoki komunitarioetan bizi diren hamasei emakume migratu etxebizitzarik gabe utziko dituztela salatu dute Txirbileneako kideek. Honen aurrean husteari ezetz esateko elkartasuna eta sostengua eskatzen dute, bai eta bakarrik ez daudela adierazteko ere.