argia.eus
INPRIMATU
Sastraka gaztetxeari babesa adierazi diote Portugaleteko herritarrek
  • “Ez dago sastraka guztiak erreko dituen sugarrik!” lelopean, ehunka lagunek Portugaleteko kaleak zeharkatu dituzte duela bi egun sutea jasan zuen gune autogestionatuaren defentsan. Gaztetxeko asanbladako kideek argi dute sutea “intentzio txarrez eragindakoa” izan dela.

Mikel Eizagirre 2020ko abuztuaren 26a
Sastraka Gaztetxearen aldeko mobilizazioa Portugaleten. Argazkia: @SastrakaGaztetx

Astearte honetan, abuztuak 25, Portugaleteko Sastraka gaztetxearen aldeko manifestazio jendetsua egin dute Bizkaiko udalerrian. “Ez dago sastraka guztiak erreko dituen sugarrik! Sastraka gaztetxea aurrera!” aldarrikatu dute ehunka lagunek herriko kaleetan barrena.

Gaztetxea esker oneko azaldu da deialdira batu diren herritarrekin, eta argi azaldu du bere asmoa: “Orain erantzunetik autogestiora urrats berriak emateko momentua da”. Baina euren egitasmoetan berretsi ez ezik, Sastrakako kideek sutearen inguruan dituzten susmoak ere argudiatu dituzte.

“Intentzio txarrez eragindakoa”

Gaztetxeko asanbladako kideek gertakariaren balorazioa aurkeztu dute prentsaurreko bidez: “Ez daukagu inolako zalantzarik gaztetxean izandako sutea intentzio txarrez eragindakoa izan dela, eta froga irmoak ditugu hori berresteko”. Hormetan eta lurrean azaldutako pintaketek eta suhiltzaileekin izandako elkarrizketa informalek hala adierazten dutela azpimarratu dute.

Gainera, gazteek gogora ekarri dutenez, “ez da lehenbiziko aldia Portugaleten interes ekonomiko eta espekulatiboak medio, horrelako ezaugarriak dituen eraikin batek su hartzen duena”. Aurretik Hotel Zaharrarekin eta Mar Zinemarekin gertatutakoak gogora ekarri dituzte gaztetxeko kideek.

Kriminalizazioaren faktorea

Azken aldian komunikabide nagusiek “okupazioaren aurkako gerra” abiarazi izana ere aipatzekoa dela diote gazteek. Hedabide horiek ekintza “fribolizatzeaz eta kriminalizatzeaz” arduratu diren heinean, iritzi publikoa “kapitalaren interesen zerbitzura” jarri dutela salatu du Sastrakak.

Aurresuposizioa

Mikel Torres Portugaleteko alkatearen aburuz, eraikin bat okupatzen denean “horrelako zerbait gertatzeko arriskua” dago, eta gaztetxea kokatuta dagoen Karmengo eskola ohiak “egurrezko egitura” duela argudiatu du. Dena den, Torresek gazteei ustezko egiletza edo zuhurtziagabekeria egotzi nahi izan dien arren, suhiltzaileen ikerketek oraindik ez dute emaitza irmorik igorri. Alkateak, beraz, sutearen kausa zehatzak jakin aurretik egotzi diitu ardurak.