argia.eus
INPRIMATU
Sasitik Sasira
  • Beraz, Eltzegor taldeko lagunek “Ebiotz” lehen diskoaren ondoren “Sasitik Sasira” plazaratu zuten. Ari gara 1987-88ko kontuez, guretzako gaztetan 36ko gerrakoak ziren bezain aspaldikoak oraingo gazteontzako. Tokitan daude Aljerreko negoziaketak, egia.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2023ko uztailaren 18a

Epika, konpromiso, drama, itxaropen eta tragediaz betetako garai haietan zenbait artistak sortuak zituzten kantata formatuko obrak, burura datozkit Quilapayunen “Santa Maria de Iquique”, Pablo Nerudaren hitzekin Cachalquisen "Muerte y Fulgor de Joaquin Murieta” eta Mikis Teodorakisen “Canto General”, edo neurri laburragoan Lluis Llachen “Campanades a morts”. Kantata bat duzu “Sasitik Sasira”, bi zatitan 42 minutu orotara, Interneten (Sasitik Sasira 1 eta Sasitik Sasira 2) entzungai libre daudenak , Eltzegor beti izan da creative commons. 40 urte beranduago egunotan berriro entzunda, sartu zait Irulegiko ardo on baten moduan, gozo, puntu bat garratz eta borobil. Zuk ere jarri dezakezu tartetxo batean, Baigorrin Urmuga ekitaldian Et Incarnatus orkestrak eta Donostiako Orfeoiak eskainitako bertsio sinfonikoa aditu ez baduzu; Baigorrin izan bazinen, are motibo handiagoz. Horra hiru lapurtar eta bi gipuzkoar eskenatokian. Juantxo-Bixente Garziak eman dio arrankea ahots sakon horrekin: “Gure barne zutabea / bizirikan ote dea / batzen gaituen arrazoi / muga gabea?...”. Erantzuna Fernando Unsain musikaren egileak: “Mendi ibai itsasoa / Larrun eta Bidasoa / iragan behar dut orain / muga pausoa / Irabazleen laztana / jasan ezinezko zama (…) Kantatzen dugu oihuka / bizi bait gara guduka / hil ala bizikoa da / gure burruka”. Juantxori gehiturik Joxemari-Xalbardin Ostolaza, hitzen egilea: “Datoz badatoz / anaiak arrebak / mugatik iheska / sasitik sasira”. Marko Jossierekin, lau: “Datoz badatoz / oraingo beldurrak / gogoaz irentsiz / geroan sinetsiz…”. Eta sartu da Pantxoa Albiztur tenore fina ere: “Datoz badatoz / kanpainak udatiar / erdaldun jaietxe / bihurtu baitira…”. Bostak orain batean: “Datoz badatoz / lur-laboraria / lorezain bilaka / erazi baitute…”. Sasian ibiltzea, sasitar… euskaldunon historia ulertzeko gakoetakoa den ezkutuko lana adierazten duen hitzak oraindik ez du Bidasoa zeharkatu. Muga madarikatu gure burmuinetan iltzatua. “Espainolak ez dira / amatxi, esan nizun atzo / eta Hegoaldean / nauzu frantses eta gabatxo” zioten Eltzegorrekoek zortzikoz 1988an eta 2023an berdin segitzen dugu, ezin urratu harresia. Hiru ordu laurdenetan zehar bost ahots-kolorez gorpuztuz doa euskal gizartearen gatazken fresko handi bat: turismoari makurrarazita bizi beharra, eskola zapaltzailea, bortxazko erdalduntzea, fabrikara doan langilearen morrontza, gure lurraldeen arteko etena, amesgaitzaren pean kartzelan dauden poetak, miru nagusiak ortze-zeruan itzulika kolpea noiz nola emango, usoek elkar hartuta haien noizbait menderatzeko ametsa… Azken errematean, “Enpeinatzea ez bada libre”, gaur tarteka kalean edo mahaiaren bueltan kantatzen dena. Eltzegorrek bere hitz propioz bi bertsolari handirenak lotuz, Txirritarekin dio “Enpeinatzea ez bada libre / alferrik dugu indarra / Hau da txoriak gari tartean / goseak egon beharra” Otañorekin amaitzeko: “Zazpi ahizparen gai den oihala / ebakirikan erditik / alde batera hiru soineko / utzirikan lau bestetik / guraiziakin berezi arren / bakoitza bere aldetik / ezagutzen da jantzi direla / zazpiak oihal batetik”. Niri iruditu zait ondo ari dela zahartzen kantata hau.

Eltzegor estudioan 1988an. Ezkerretik, Joxemari-Xalbardin Ostozala, Juantxo-Bixente Garzia, Fernando Unsain, Marko Jossie eta Pantxoa Albiztur.