argia.eus
INPRIMATU
“Sartu euskara ipurtzulotik”
  • Inguruotako munduko hiritar espainiar batek, alkate abertzale baten Facebook-ean idatzitako nahia da goiburukoa (“Meteros el euskera por el culo” haren hitzetan). Sare horretan, alkate horrek espainierari erabateko lehentasuna ematen dion arren!

JJ Agirre 2017ko ekainaren 07a

Unionismoaren “kosmopolitismoa” halakoxea da, mugarik gabea. Baina badira “sartu euskara ipurtzulotik” adierazteko modu gozoagoak ere, zaratarik eragin gabe, aipatutakoa bezain iraingarriak direnak, ohituta egonagatik.

Adibidez, erakunde publiko batera euskaraz idatzi eta erantzunik ere jasotzen ez duzunekoa, edo “euskal” hiriburuetako taberna askotan kafesnea eskatu eta kasurik onenean “¿café-qué?” erantzuten dizutenean, edo gure ertzain / udaltzain jatorrek euskarazko arreta eskatzeagatik ordutan geldi zauzkatenean, edo ordezkari politiko abertzaleei Madrilgo Kongresuan / Senatuan euskaraz jardutea debekatzen dietenean (eta gureek onartu).

Edo erakunde abertzale baten egoitzaren azpiko tabernara joan, euskaraz eskatu eta zerbitzariak zure ondokoari “¿entonces qué quereis?” erantzuten dionean (eta azken honek espainolez eskatzea lortzen).

“Sartu euskara ipurtzulotik” adierazteko modu bat izan zen Idoia Mendia eta Andoni Unzaluren PSOE-PSEk, hauteskunde aurretik zabaldutako hizkuntza eskakizunen aurkako bideoa, gerora Eusko Jaurlaritzan egoteko eta EAJren hizkuntza politika tristea are gehiago makurrarazteko oztopo izan ez dena.

Euskara atzealdera bidaltzetik ez dago urrun, era berean, Kultura sailburu abertzaleak Unionistei diskurtsoa erosi, eta garbitzaile batzuei gehiegizko hizkuntza eskakizuna ezarri zaiela salatzea, gertakari isolatu denari kategoria maila emanez, eta ezkutatuz, bere gobernukide asko eta askori ez zaiola inongo hizkuntza eskakizunik ezarri, euren jardunak beren menpeko langile guztien lana baldintzatzen duen arren, eta euskaldunok egunero-egunero eremu gehienetan jasaten dugun bazterketa eta erdeinua lurperatuz horrela, zapaltzaileak zapaldu gisa aurkeztuz.

“Meteros el euskera por el culo” ez da izango, baina “hor konpon marianton” esatea bada ere, euskaldunon bazterketa ezkutatzea erakunde publikoetan, baina baita erakunde abertzaleetan ere, edo euskararen funtzionamendua ahalbidetzeko neurriak hartzea etengabe atzeratzea eta geroko gerorako uztea…

Eta hor konpon baino gehiago, “izorra zaitezte” adierazteko modu bat da, erakunde guztietako lankide erdaldunen pasotismo lotsagabea, baita erakunde abertzaleetan ere, euskararen auzia euskaldunon arazo hutsa izango balitz bezala jokatzen duten zapaltzaile sinpatiko nahiz antipatiko horiena. Euren lankide, taldekide eta batzuetan lagun ere bagarenok, españolez jardutera behartzen gaituzten horiena.

Badugu garaia, aurreko horiei guztiei aski dela esateko eta errespetua exijitzeko.

Egin planto!