Otsailaren 1ean eta 2an, ostiralean Iurretan eta larunbatean Donostian, ekitaldiak izango dira, katalanera itzuli duten Joseba Sarrionandiaren Hilda dago poesia? liburuaren harira. Pamielak antolaturiko saio horietan, besteak beste, Ainara Munt Ojanguren eta Víctor Sunyol itzultzaileek parte hartuko dute. ¿Es morta la poesía? liburua Pol·len Edicionsek argitaratu du. Víctor Sunyolekin berba egin dugu Sarrionandiaren poesiaz.
Som moros en la boira? (Moroak gara behelaino artean?) Jo no sóc d’aquí, (Ni ez naiz hemengoa), eta ¿És morta la poesia?, (Hilda dago poesia?). Joseba Sarrionandiaren hiru liburu katalanez. Nor da zuretzat Sarrionandia?
Aspaldian ezagutzen dut Sarrionandiaren poesia, Jon Kortazarrek 1984an, ordura arteko euskal poesiaren antologia luze eta zabala idatzi zuen Reduccions poesia-aldizkariko monografikoari esker. Jonek berak Ruperren diskoak ekarri ohi zizkigun, besteak beste, eta haietan Sarrionandia eta Atxagaren poemak bilatzen genituen. 1986an Sarrionandiaren errelato liburu bat publikatu zen katalanez. Intelektual erreferente bat izateaz gain, niretzat, Sarrionandia idazle osoa eta sakona da.
Zer iritzi duzu liburuez?
Irakurri nuen lehen saioa Ni ez naiz hemengoa izan zen, gaztelaniaz. Ezusteko izugarria izan zen. Entsegu laburrak, aipuak eta erreflexioak… bikainak dira, batbedera bere gaian; areago bikainak idatzita izan ziren egoera jakinik. Gai askotarikoak lantzen ditu, erudizio nabaria da: Sarrionandiaren gogoetak oso argigarriak eta sendoak dira.
Moroak gara behelaino artean, besterik da. Atal anitzeko obra nagusi eta sonatua. Atalez atal, ataletako abarrek gai nagusia ehuntzen dute: giza kolonizazio indibidualaren eta kolektiboaren kondizioari dagokiona. Oraina eta iragana –ezagutua edo ezkutatua, isildua edo agerikoa– aditzera ematen ditu maila hagitz altuan. Obra nagusia esan dut, sarritan arrazoirik gabe erabilia, hemen literala da: “Obra nagusia”.
Hilda dago poesia? antologia oso beharrezkoa genuen Sarrionandia bere hizkuntzan irakurri ez dugunontzat, eta halabeharrez ezagutzen ditugun beste hizkuntzetan irakurtzen duguna. Auto-antologia den aldetik, antologiari izaera autoreak berak eman dio, bere autoerretratu poetikoa da, berezko balio duena horregatik. Guretzat katalanezko edizioa izatea berri itzela da.
Pentsalari eta intelektual legez, zer azpimarratu duzu?
Bere zintzotasuna, erradikaltasuna, engaiamendua… Ikuspegi zabala dauka, partikulartasunetik unibertsaltasuna bide egiten baitu. Pentsatzeko eta jarduteko bere moldea, isurki ugarietako ibaia legez marraztu daiteke: ibaiadar eta ibaiadar azpikoak, isurialde hidrografikoa, toki askotako urak eta legarrak –bizipenak– biltzen dituena, eta ur-goaia batera eramaten dakiena. Bere pentsamendua bizipenetatik eta ikaspenetatik heldu da, jakintza eta bizitzan amaitzeko.
Poeta gisa, berriz?
Argitasun gardena eskaintzen digu, ezerezkerian eta arinkerian erori barik. Bere etorri lirikoak gaiak eta gogoetak zeharkatzen ditu, bere ahotsak komunitateko partaide bihurtzen gaitu, ispilu bat da, eta usu ez zaigu laket gure burua bertan ikustea. Bere poesia esperientziatik sortua denez, esperientzia eta “ni poeta” desagertzen dira lanketa poetikoaren ondorenean. Berea poesia da, literatura, ez panfletorik ez negar ziztrinik, auto-erreferentziarik gabe –immorala betiere–. Bere poesia suharra da gogoeta hotzean, eta betiere izekia.
Bere poesiaren bertutea, goi mailakoa den aldetik, poetak lantzen dituen gaien gaineko hausnarketek egitasuna ematen diote. Gogortasuna, kritika, samurtasuna, ironia, itxaropena, desesperazioa, mingostasuna, maitasuna, botereei erasoa (eta kontrabotereei)… Bere poemak ez dira inoiz erregistro bakarrekoak. Mundua bera bezalakoak dira, gauzak bezalakoak, gu bezalakoak: konplexuak eta askotarikoak. Horixe izaki literatura.
¿És morta la poesia?, itaundu du poetak. Poesia hilda al dago?
Antologia horren aitzinsolas aparta irakurri ostean (poeta guztiok gure estudioko paretan izan beharko genuke, lanean hasi aitzin irakurtzeko), bere azken hitzak errepikatu besterik ezin dut egin: “Poesia Schrödingerren katua bezalakoa da, bizirik eta hilik dago aldi berean”. Beraz, berau ulertzeko irakurri prologoa.