Aspaldiko eskaera dute Sarrigurengo bizilagunek: ikastetxe berria behar dute, herriko eskola bakarra txiki geratu baita gora egin duen ikasle kopurua hartzeko. Euskal Eskola Publiko Berriaren aldeko Sortzen elkarteak maiatzaren 17an Sarrigurenen bertan egingo duen jaian, hori izango da aldarrikapen nagusia.
3 urteko 215 haur baino gehiago hartuko ditu Sarrigurengo ikastetxe publiko bakarrak hurrengo ikasturtean. Zehazki, guztira 1.200 ikasle izango ditu eskolak, horietatik %50 baino gehiago 3 eta 6 urte bitartekoak. Nafarroako Hezkuntza Departamentuak 9 gelako eraikina egingo du, baina guraso eta irakasleentzat soluzioa beste bat da. Batetik, 9 gelatan ez direlako kabituko (10 betetzeko adina haur sartuko dira); bestetik, eraikina ez, eskola osoa dutelako aldarri, ikasgelez gain patioa, espazio partekatuak, jantokia, gimnasioa, bulegoak, hezitzaile talde propioa… izango dituena.
Hala, herrian bigarren ikastetxea egiteko eskatuko dute jaiaren aitzakian, egungo ikastetxea gelak gehitzen doan makro-zentro bihurtu ez dadin.
Euskalduna, autonomoa, demokratikoa, kalitatezkoa…
Izpi berriez, eskola berria da jaiaren hogeigarren edizio honetako leloa. Sortzen elkartea 1991n jaio zen eta sare publikoko 75 bat ikastetxe batzen ditu Hego Euskal Herrian. Indarrean dagoen eskola ereduari buelta eman eta balore jakin batzuen baitan egituratuko den euskal hezkuntza eraikitzea dute helburu.
Sei puntutan oinarritzen da Euskal Eskola Publiko Berriaren aldeko sarea: euskalduna eta eleanitza; autonomoa pedagogian eta kudeaketan; langileen baldintzak defendatuko dituena; demokratikoa partaidetzan; kalitatezkoa; doakoa eta pedagogia berritzaileduna.