argia.eus
INPRIMATU
Sarraskiaren uhinak

Mikel Aramendi 2023ko abenduaren 19a
Argazkia: pxhere.com

Uhin hedakorrak barreiatzen jarraitzen du Gazako sarraskiak; eta, egia esan, hasiera batean nekez aurreikus zitekeen joairan doaz batzuk. Hilketa amai dadin edo krisia beste alde batzuetara ere eramateko balioko ote duen zabalkundeak da kontua. 

Itsaso Gorriaren hegoaldeko atakara zeharraldatu da une honetan mundu mailan asaldura gehien sortzen duen uhina. Edukiontzien itsas-garraioan munduko bost konpainia handienetatik lauk –MSC, Maersk, CMA-CGM eta Hapag-Lloydek– iragarri dute ez direla Itsaso Gorritik barrena ibiliko eskifaien bizia eta segurtasuna bermatu ahal izateko. Jakina, horrek esan nahi du haien ontzi erraldoiak Afrikako hego-muturretik barrena ibili beharko dutela egoera sosegatu arte, eta ondorioz garraioa dezente garestitu eta berandutuko dela, noranzko batean zein bestean. 

Boskoteko laugarrena den Cosco txinatarrak, agidanez, oraingoz, ohiko ibilbideari eutsiko dio, bere bandera gorriak eta, ahal den guztietan, alboan izango duen Djibutiko baseko gerraontziak, segurtasun nahikoa emango diotelakoan. Jeddako portuarekin duen loturak hartara behartzen du Cosco, edonola ere. 

Munduko itsas garraiorako Bab al-Mandebeko itsasartea Suezko Kanala bera bezain erabakigarria dela jabetzeko nahikoa da mapari begiratzea. Baina bat ordainpekoa eta bestea “doakoa” izateaz haragokoak dira bien arteko ezberdintasunak. Suezko Kanalaren kontrola eta araubidea izan zen, Sinairen desmilitarizazioarekin batera, Kissingerrek Sadatekin eta Beginekin hitzartutako bake-itunaren giltzarria. Bab al-Mandeben inoiz ez da halakorik adostu nahitaez itunkide izan beharko luketen Yemen, Eritrea eta Djibutiren artean, eta Somaliako gerrak sututako pirateria larria izan da une batzuetan. 

Horrez gain, Yemengo gerra zibilak, irabazle huthien eskuetan ipini du, hein handi batean, itsasartearen giltza. Lehorretik erasoz kolpatu dezaketelako edozein merkataritzako ontzi; gerraontziak ere ez leudeke guztiz salbu. Eta huthiak eskuera duten ahalmen hori erabiltzen hasi dira Mendebaldetik barrena, Israeli presio egiteko. “Israelekiko zerikusia” gero eta modu hedakorragoan ulertuz, gainera. Ez gara Ever Given kasuaren errepikapenaren aurrean egongo, baina luzatzen bada, okerragoa izan daiteke oraingo hau. 

Itsaso Gorriko kinkak, gainera, Panamako Kanalaren estualdi larriarekin bat egiten du. Lehorteak, minimoetaraino eraman du Gatungo laku artifiziala; eta haren urak dira kanalaren uhateak hornitzen dituztenak. Pasabidearen errazionamendua ekarri du horrek, garestitze eta atzerapen ikusgarriekin batera. Itsas garraioa gorriak ikusten ari da. 

Zorionez, euria hasi omen du Panaman...