argia.eus
INPRIMATU
Sarkozyk gerra psikologikoa Hollande faboritoari
  • Inkestek iragarritako hautagaien emaitzak bete dira, gutxi gorabehera. Parte-hartzearen ehunekoan huts egin dute, ordea. Herritarren %80ak bozkatu du, espero baino ehuneko hamar gehiago. Sarkozyren bataila piskologikopean jokatuko da bigarren itzulia.

2012ko apirilaren 28a

Bozen estimazioak ezagutu zirenean (igandeko 20:00etan) Hollandek (%28,60 lortu du) bi puntu eta erdi ateratzen zion Sarkozyri; (%27,10 lortu du). Azkenean, hautagai sozialistak presidente kontserbadoreak baino puntu bat eta erdi gehiago erdietsi du. Espero baino gutxiago? Gehiago? Dena dela ere, Hollande da irabazlea eta Sarkozy galtzailea. Atzo arte, presidente bat ez zen bigarrena izan lehenengo itzulian. Estimazioek Marine Le Peni bozen %20 eman zioten; (muturreko eskuindarrak bozen %18,20 lortu du). Puntu eta erdi hori Sarkozyk bere egin du azkenik. Hirurak izan ziren gaueko protagonistak, eta Le Pen, psikologikoki, garaile nagusia.

Hollande faboritoa, baina kasu

Hollande da presidente izateko faboritoa. Ezkerreko (Mélenchon, Joly, Poutou, Arthaud) gainerako hautagaien –Sarkozyren aurkako deia egin dute– sostengua dauka. Aski al da, halere? Le Penek bere aitaren diskurtso gogorra –arrazismoa, segurtasuna...– leundu du, eta krisi-oldeak jotako –Sarkozyren– eskuin moderatuari espazio puska kendu dio. Le Penen hitzetan eskuin berria sortzear dago Frantzian. Ezkerrak bildots larruz jantzitako otsoa jotzen du Le Pen. Nola ikusten dute zentristek Le Pen, ordea? Botoak herritarren esku daude, baina lehen itzuliaren ondoren kanpoan geratu diren hautagaien jarrerek bozemaileengan eraginen dute. Alta, bada, Le Pen eta Bayrouren jarrera anbiguoek bizirik atxikitzen dituzte Sarkozyren itxaropenak eta aukerak. Eskuin-eskuineko Le Penen eta eskuin-zentroko François Bayrouren jarrerek bereziki eraginen dute presidentea erabakitzeko unean.

Sarkozyk ez du etsiko

Sarkozy kolpatuta dago, baina ez dago K.O. Botereak ematen dion artilleria guztia jarri du indarrean jada. Hedabideetan lehiatu nahi du Hollanderekin. Hiru eztabaida proposatu dizkio telebistan. Hollandek bat baino ez dio onartu. Sarkozyk beldurraren diskurtsoa zabaldu du dagoeneko. Estatuaren segurtasun printzipioa da bere leloa. Finantza botereak samurtzen ditu, eta herritarrak beriz, larderiaz durduzatzen. Frantzia indartsuan oinarritzen du bere bataila psikologikoa.

Ipar Euskal Herria

Hollande Sarkozyren aitzin kokatu da Iparraldean. Hirugarrena Bayrou, Mélenchon laugarren, eta Le Pen bosgarrena. Hollande etorriko al da kanpainan Euskal Herrira? Maiatzaren 6an ezagutuko dugu presidentea.