Frantziako presidente ohi Nicolas Sarkozyri hiru urteko kartzela zigorra ezarri diote ustelkeria egotzita. Hala ere, ez du espetxean sartu beharko, tribunalak zehaztu baitzuen zigorra etxeko atxiloaldian bete ahal izango duela.
Hiru urteko espetxe zigorra ezarri diote Sarkozyri 2014an –kargua utzi eta bi urtera– egindako ustelkeria delitua egotzita. 2021ean egindako lehen instantzian zigor bera ezarri zioten. Auzitegiak zehaztu zuen zigorra etxean atxilotuta eta besoko elektroniko batekin bete dezakeela.
Epaiaren arabera, Frantziako presidente ohiak, Thierry Herzog abokatu eta lagun minaren laguntzarekin, Auzitegi Goreneko magistratu Gilbert Aziberti lanpostu bat eskaini zion Monakon, Sarkozy bera tartean zegoen prozesu judizial bati buruzko informazioa jasotzearen truke. Auzitegiak ebatzi du hiru gizon horien artean "ustelkeria-ituna" egon zela.
Ebazpenean, auzitegiak adierazi du Sarkozyk egindako delituak "bereziki larriak" direla, Errepublikako presidente ohi batek eginak direlako, "botere judizialaren independentziaren berme izan den norbaitek, alegia".