argia.eus
INPRIMATU
Sarkozy libre baina inputatua
  • Nicolas Sarkozy Frantziako lehendakari ohia libre geratu da bart epailearen aurrean deklaratu ondoren, baina fiskaltzak hiru delitu leporatzen dizkio: ustelkeria, influentzia trafikoa eta instrukzio sekretua haustea. Delitu hauen zigorra 10 urteko espetxe zigorreraino iritsi liteke.

Xabier Letona Biteri @xletona 2014ko uztailaren 02a
Frantziako presidente ohia ustezko hainbat deliturengatik ikertzen ari dira (argazkia: Reuters).

Astearte goizean izan zen atxilotua eta 15 orduz Nanterreko polizia judizialaren aurrean deklaratu ondoren, Parisera eraman zuten epailearen aurrera. Honek libre uztea eta inputatzea erabaki zuen. Lehen aldia da Frantziako presidente bat atxilotu eta inputatzen dutena. Azken boladan, gainera, albiste asko atera dira esanez Sarkozy udazkenerako prestatzen ari zela UMPren gidaritzara eta politikaren lehen lerrora itzultzea.

Sarkozyren abokatu Thierry Herzog eta Gilbert Azibert magistratua ere ordu batzuk lehenago atxilotuak izan ziren operazio berean. Sarkozyri leporatzen zaio justizia ikertzen ari den hainbat auzitan bera nola zegoen jakin nahi izatea eta horretarako hainbat epaile eta polizi agintari ohiei informazioa eskatzea, trukean aginte postu preziatuak eskainiz. Hor sartzen dira Herzog eta Azibert. Polizia judizialak hilabeteak daramatza akusatuak ikertzen eta, besteak beste, Sarkozy eta Herzogen arteko telefono entzuketetan oinarritzen dira; horietan, biek hitz egiten omen dute Aziberti buruz eta eskatutako informazioei buruz. Sarkozyk eta Herzogek zelatatuak ziren susmoak zituzten eta beste pertsona batzuen izenean zeuden telefonoak erabiltzen zituzten hizketaldietarako.

Ikertzen ari diren hainbat auzitan dago nahasia presidente ohia, baina atxiloketa ekarri duten ikerketen oinarrian bi daude: Bettencourt afera eta Gadafi afera. Bettencourt auzia 2009an azaleratu zen eta nagusiki Liliane Bettencourt ikertzen du, L,Oréal taldeko akziodun nagusietakoa eta Frantziako hirugarren pertsona aberatsena. Honen ustezko delitu fiskalak ikertzen dira eta horietan daude nahasiak Florence Woerth eta bere senar Eric Woerth, azken hau Sarkozyren Aurrekontu Ministroa 2007 eta 2010 artean eta UMPko diruzaina. Besteak beste, Sarkozyren 2007ko hauteskunde kanpainaren legez kanpoko finantzazioa ikertzen da auzi horretan. Gadafi auzian, halaber, Libiako agintari ohiak Sarkozyri aipatu hauteskunde kanpainarako emandako dirua ikertzen da.