Abian da “.eus” domeinua. Larunbatean PuntuEus Fundazioak Bilboko Kafe Antzokian egindako agerraldiarekin batera aktibatu dira lehen webgunetako domeinuak. Falta direnak datozen egunetan abiatuko dira.
Aitzindariak.eus webgunean ikus daitezke domeinua aktibatzen lehenak izango diren enpresa, hedabide, erakunde publiko eta euskalgintzako elkarteen zerrenda; tartean daude, besteak beste, ARGIA, Laboral Kutxa, Euskaltel, Kutxabank, AEK, EiTB, EHE, Azkue Fundazioa, Ikastolen Elkartea, Berria, Euskal Idazleen elkartea, Hamaika Telebista, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Udalbiltza.
Kafe Antzokiko agerraldian, proiektuaren koordinatzaile Iratxe Esnaolak zerrendaren aniztasuna azpimarratu zuen eta guztiak “domeinuaren aitzindari direlako merezi duten protagonismoa” eman nahi zietela adierazi zuen.
PuntuEus Fundazioko lehendakari Joan Mari Torrealdaik, orain arte egindako ibilbidea baloratu zuen. Gustura azaldu zen eta aitzindariek proiektuari emandako bultzada ekonomikoa zein sustapenekoa azpimarratu zituen.
Bilboko agerraldian izan zirenek PuntuEus fundazioa zoriondu zuten, euskara, euskal kultura eta Euskal Herria sarean hedatzeko egindako lanagatik . Han izan ziren, besteak beste, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua, Aizpea Goenaga Etxepare institutuko zuzendaria, Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaile nagusia, Michelle Mounios-Adurriaga Hendaiako Herriko Etxeko ordezkaria eta Hekimeneko presidente Iban Arantzabal.
Proiektuaren hurrengo urratsak
Proiektuaren hurrengo fasea irailaren 16an abiatuko da. “.eus” domeinua erabili nahi duten erakunde, elkarte eta enpresek domeinu izenak eskatzeko azaroaren 18ra arteko epea izango dute. Tarte horretan eskaera egiten dutenen domeinu-izena abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, aktibatuko da.
Ordutik aurrera, azken fasean, norbanakoek izango dute domeinua eskatzeko txanda.