argia.eus
INPRIMATU
Sarek salatu du “argudio faltsuak” erabiltzen ari direla euskal presoei hirugarren graduak atzera botatzeko
  • Joseba Arregi oñatiarra espetxera itzuli duten seigarren presoa da, astelehenean Auzitegi Nazionalak atzera bota diolako 3. gradua. Sare Herritarrak salatu du fiskaltza “salbuespenezko jarrera eta politikak” erabiltzen ari dela presoen etxeratzea oztopatzeko. Abenduaren 10ean manifestazioa egingo dute Durangon.

Leire Artola Arin 2022ko azaroaren 22a
Abenduaren 10ean manifestazioa egingo du Sarek, Durangon. / Argazkia: Sare.

Astearte goizean Sare plataformak prentsaren aurrean azaldu du nola dagoen euskal presoen gradu progresioen egoera, eta ohartarazi du justizia “ultraeskuin politikoaren arma juridiko” bihurtu dela, salbuespenezko espetxe politikarekin segitzeko.

Orotara 32 euskal presori eman diete gradu aldaketa, 2.etik 3.era, eta kartzela utzi ahal izan dute. Baina Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak errekurtsoak aurkeztu ditu, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak (EZEZ) graduak lehengoratzen hasi da, eta jada sei preso dira atzera kartzelara itzuli behar izan dutenak. Astelehenean izan da azkena: Joseba Arregi oñatiarra Martuteneko kartzelara itzuli da, otsailean eman zioten 3. gradua ezeztatuta. 76 urte ditu Arregik, eta 31 igaro ditu espetxean.

Beste hamaika pertsona daude fiskaltzak aurkeztutako errekurtsoaren ebazpenaren zain. Beste lau laguni berretsi egin die 3. gradua EZEZek. Sarek gogorarazi du azken lau horietatik hiruren kasuan fiskaltzak apelazio-errekurtsoa jarri duela: “Fiskaltzaren jarrerak, salbuespen-irizpideak saihesteko eta euskal presoak etxera itzultzeko bidea oztopatzeko, ez du mugarik”.

Sarek ohartarazi du fiskaltza argudio faltsuak erabiltzen ari dela graduen progresioak atzera botatzeko. Plataformak baieztatu du 110 presok dutela kondenaren erdia beteta, eta, beraz, horiek guztiak 3. gradua eskuratzeko moduan daudela, Zigor Kodearen 36. artikuluaren arabera.

Blokeoa eta mobilizazioa

Gogor kritikatu dute fiskaltzak ez dituela justizia-irizpideak ardatz, eta ez zaiela axola presoek erakusten duten jarrera edo haien gradu progresioaren alde egiten diren txostenak. Salatu dute “muturreraino” eraman dituztela “prebarikaziozko jarrera judizialak”. Errekurtsoetan aurkezten dituzten argudioak faltsuak direla ziurtatu du Sarek. Besteak beste, fiskaltzak dio presoei “denbora luzea” geratzen zaiela kondena betetzeko, eta horregatik ezin zaiela 3. graduan kartzelatik irtetea baimendu. Gainera, argudiatzen dute aurretik ez dutela espetxe-baimenik izan, eta ezin zaiela bat-batean 3. gradua eman aurrez kalean egon ez badira. “Baina fiskaltza bera da espetxe-baimen horiek onartzearen kontra agertzen dena”, kritikatu dute.

Egoera horren aurka mobilizatzen jarraituko duela jakinarazi du Sare Herritarrak, eta bizikidetza defendatuko duela “haiek konfrontazioaren alde” egiten badute ere. Datorren mobilizazioa iragarri dute: abenduaren 10ean, Durangon, giza eskubideen eguna dela probestuta, 17:30ean Landakotik abiatuko dira espetxe-politika arrunta eta presoen etxeratzea aldarrikatzeko.