argia.eus
INPRIMATU
Sarek mobilizazioak iragarri ditu Gabonetan
  • Abenduaren 21, 27 eta 28an deitu ditu mobilizazioak, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.

ARGIA @argia 2019ko azaroaren 26a
(Argazkia: Sare)

Asteartean Iruñean egindako agerraldian jakitera eman dutenez, gabonetan mobilizazioak egingo ditu Sarek. Abenduaren 21ean Gasteizen eta Iruñean batzera dei egin dute, abenduaren 27an Bilbon, eta abenduaren 28an Donostian. Mobilizaziook urtarrilaren 11n Bilbon egingo den manifestaziora begira “motorrak berotzeko” egingo direla adierazi dute.

“Gabonak une garrantzitsutzat ditugu, sendiarekin eta lagunekin batzeko egunak izaten diren hauek, ehunka eta milaka kilometrotara dauden presoen hutsunea areagotzea baitakarte (…) Egoera honen aurrean, aurten, Gabonen testuinguruan, lau hiriburuetan mobilizazioak antolatzea erabaki dugu”, adierazi dute.

Oinarrizko aldarriak zabaltzea eta salbuespeneko espetxe politikarekin behin betikoz amaitzea exijitzea, horiek xedatu dituzte deialdien helburu gisa. Hala bada, sakabanaketa politikaren amaiera, larriki gaixo dauden presoen etxeratzea, eta motxiladun haurren eskubideak errespetatzea aldarrikatuko da. Euskal preso emakumeek bizi duten egoera ere salatuko dute.

Jendarteari dei egin diote parte hartzera: “Datozen urteetan espainiar estatuaren nondik

norakoak zuzenduko dituen Gobernu berria osatze lanetan ari den honetan, behar beharrezkoa da euskal jendartearen gehiengoak babesten dituen aldarriak kalean, era aktiboan erakustea”.