argia.eus
INPRIMATU
Sarek manifestazioa deitu du ostiralean Bilbon
  • Aste Nagusiaren baitan, mobilizazioa deitu du Sare Herritarrak, euskal presoen auziari dagokionez irekitako "egoera berrian" bidea egiten jarraitzeko.

ARGIA @argia 2021eko abuztuaren 25
(Argazkia: @sare_herritarra)

Osasun-egoera dela eta, bigarren urtez jarraian, baldintzaturik eta mugaturik ospatuko dute bilbotarrek Aste Nagusia. Alabaina, trabak-traba, jai-egunen aitzakian ekimenak antolatzen dihardute hainbat herritarrek. Sarek, bere aldetik, mobilizazioa deitu du espetxe politikari dagokionez urratsak ematen jarraitzeko. Astelehenean egindako prentsaurrekoa baliatu zuen ostiralean kaleak hartzeko deia egiteko. "Ibilian-ibilian etxerako bidean" kanpainaren baitan kokatu dute manifestazioa, eta 19:30ean abiatuko da Eliptika plazatik.

Pandemiak eragindako aldaketetan argi izpirik ikus daitekeela adierazi du Sarek, iritzirik euskal presoen auziari dagokionean bidea argitu dela: "Hamarkada luzeen ostean, urruntze politikarekin amaitzeko urrats esanguratsuak eman dira eta hori bereziki senide eta lagunen zama arintzeko ezinbestekoa izaten ari da. Horrez gain, euskal presoek garatu beharreko etxeratze bidea aurrera eraman ahal izateko ere, lehen urrats garrantzitsua da". Edozelan ere, adierazi dute oraindik badela bidea egiteke, kontuan izanik presoen gehiengoak Euskal Herritik kanpoko espetxeetan segitzen dutela eta "graduen progresioa preso guztiei era normalizatuan ezartzea prozesu hori garatzeko behar-beharrezko tresna" dela. Hala bada, mobilizatzen jarraitzeko beharra azpimarratu dute, "egoera berri honek zabaldutako bidean urratsak ematen jarraitzeko, salbuespen legedia atzean utzi eta graduen progresioa gauzatu dadin".