Euskal preso politikoei ezartzen zaien salbuespen politika salatu eta elkarbizitza eta bakearen alde bat egiten duten herritarrak bildu, horiek dira Sarek ekainaren 18an Iruñean antolatu duen mobilizazioaren helburuak. Deialdia bultzatzeko, ekainaren 4an Herri Lasterketa egingo dute Iruñeko espetxetik Gaztelu plazaraino.
Asteartean agerraldia egin duSarek, ekainaren 18an Iruñean egingo duen manifestazioaren berri emateko. Xedea: euskal preso politikoei oraindik orain ezartzen zaien salbuespen neurrien salaketa, eta horrekin batera, elkarbizitza eta bakearen alde bat egiten duten herritarrak biltzea.
Adierazi dutenez, azken bi urteak garrantzitsuak ari dira izaten euskal presoen egoerari eta salbuespeneko espetxe politikari dagokionez. "Urte luzeetan ezarritako urruntze politikaren amaieraren atarian gaudela esan genezake, eta, honekin batera, salbuespen legedia atzean utzi eta legedi arruntera salto egiteko unea dela". Halere, aldaketa horiek kontrako jarrerak hauspotu dituztela azpimarratu dute, eta ondorioz hainbat direla bideko oztopoak. "Euskal presoei ezartzen zaien salbuespenezko espetxe politikak, hau da, urrunketak, zigorren luzapena edota ia bizi osoko zigor luzeen ezarpenak eta hirugarren gradura igarotzeko edota baimenak lortzeko oztopoek, herri honetan elkarbizitzaren eta bakearen alde ematen ari diren aurrerako urratsak oztopatzeko asmo garbia dute".
Hala bada, oztopo horien gaindipena bultzatzeko asmoari erantzuten dio manifestazioak. "Denbora luzean blokeatua egon den egoera latz hau aldatzeko aukera zabaldu da. Kontrako jarrera eta oztopoen aurrean, herri honek aurrera egiteko eta elkarrekin bizitzeko nahia duela erakutsi behar dugu. Guztion ardura da salbuespenezko egoera hau atzean utzi eta etxeratze prozesua ahalbidetzea. Izan gaitezen aktibo, beraz, elkarbizitzarako, bakerako eta etxerako bidean".
Etxera bidea gertu lelopean egingo den manifestazioa 18:00etan abiatuko da Antoniutti parketik. Ordu bete lehenago, 17:00etan, lau zutabe aterako dira bertarantz hiriko toki ezberdinetatik: Ipar-bidea zutabea Decathlon-etik abiatuko da, Hego-bidea Cordovilla poligonotik, Eki-bidea Atarrabiatik, eta Mendebal-bidea Etxabakoitzetik (Asmovil).
Deialdiari oihartzuna emateko asmoz, ekainaren 4an Herri Lasterketa egingo dutela ere iragarri dute. Bost kilometroko ibilbidea izango da, Iruñeko espetxetik Gaztelu plazara.
Iruñeko deialdiaz gain, beste hitzordu batzuk ere deituak ditu Sarek. Izan Bidea dinamikaren baitan eta 3.127.326km egiteko erronkari lotuta, maiatzaren 7an mobilizazioak eta martxak deitu ditu Arabako puntu ezberdinetan; zehazki, Añanan, Agurainen eta Gasteizen. Añanan martxa antolatu dute Uribarri Gaubeatik Espejora; 11:00etan abiatuko da Uribarri Gaubeako elizatik. Agurainen, ostera, 11:00etatik 15:00etara ahalik eta kilometro gehien egiteko erronka jarri dute. Eta Gasteizen hiru zirkuitu egiteko aukera egongo da, 11:00etatik 15:00etara, Andra Mari Zuriaren plazatik hasita.
Urriaren 8an emango diote amaiera 3.127.326 km-ko erronkari, Donostian. Erronka ixteko, jaialdia antolatu dute.