“Giza eskubideak, Konponbidea, Bakea” jardunaldiak aurkeztu ditu Sarek. Azaroaren 28tik 30era bitartean Gasteizen egingo diren hiru mahai-inguruz osaturik egongo dira. “Bizikidetza, ezberdinekiko errespetua, elkarrizketa eta ekintza iraunkorra jendartearen aktibaziorako ezinbesteko osagaiak dira”, azaldu dute.
Jendartearen aktibazioa du helburu Sarek, “giza eskubideen errespetuarekin abiatzen den ibilbide hori zeharkatzera begira, bakea lortu arte”. Jardunaldietan era guztietako jendea bildu nahi dute, gizarteak konponbidean izan dezakeen paperaz aritzeko. Hizlarien artean ETA, GAL eta sakabanaketaren biktimak egongo dira, baita bizitza politikoan eta juridikoan sona izan duten pertsonak ere, tartean Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohia edo Iñaki Lasagabaster zuzenbide administratiboan katedraduna.
ETAk ekintza armatuen behin betiko etenaldia hasi zuenetik bost urte igaro dira. Sareko kide Amets Martinez de Hereditaren ustez, honek “eszenatoki berri bat ekarri zuen gure herrira”. Halere, ez du espero zuten bilakaerarik izan. “Esan ahal dugu, egun, espetxe politika dela euskal gatazkaren baitan bizirik den biolentzia bakarrenetakoa”, adierazi du.
Gasteizko Europa Jauregian egingo dira mahai-inguruak arratsaldeko 18:30etatik aurrera:
-Azaroak 28: Dispertsioa, zigor batuketa eta salbuespenezko legedia. Defentsa juridikoa
Moderatzailea: Eva Domaika
Martin Pallin - Magistratua
Iñigo Iruin - Abokatua
Iñaki Lasagabaster - Zuzenbide administratiboan katedraduna
-Azaroak 29: Sufrimenduari atea itxi eta itxaropenaren leihoak ireki
Moderatzailea: Jesus Barredo
Unai Gonzalez Asua - Dispertsioaren biktima
Rosa Rodero - ETAren biktima
Carmen Galdeano - GALen biktima
Sara Buesa - ETAren biktima
-Azaroak 30: Jendartea, gatazkaren konponbidean, eragilea
Moderatzailea: Ion Telleria
Anaiz Funosas - Bake bideako kidea
Juan Jose Ibarretxe - Lehendakari ohia
Julen Mendoza - Errenteriako alkatea