argia.eus
INPRIMATU
Sarek aurrera begira lan egiteko dokumentua aurkeztu du
  • Sarek 0km kanpaina nola garatuko duen azaltzen du aurkeztu duten dokumentuak. Jada hasita dagoen kanpaina hau urtarrilaren 13an Bilbon egingo den manifestazioarekin bukatuko da.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko irailaren 07a

Joseba Azkarraga eta Bego Atxak prentsaurrekoa eman dute Sare Herritarraren izenean pentsaera eta alor ezberdinetako kideekin Donostian. Dokumentu honetan “bakea eta elkarbizitza eratzeko” Sarek beharrezko ikusten dituen oinarriak biltzen ditu.

Dokumentua zortzi ataletan banatua dago; hasierako zatian iraganari erreparatzen zaio, eta ahanztura selektiboaz hitz egiten da. Aurrera begira jarrita indarkeria guztietako biktimak aintzat hartzea ezinbestekotzat jo dute.

Preso politikoen gaiari lotuta, EPPKren erabakien irakurketa positiboa egin dute eta horri begirako Justizia Trantsizionala aplikatu behar dela uste dute.

Alderdi politiko eta instituzioei gonbidapena luzatu die Sarek, bi oinarriren gainean lan egiteko: “Alde batetik, giza eskubideen eta integrazio sozialaren bermeak duen garrantzia aitortzea. Bestetik, indarkeria egoera batetik bake eta elkarbizitza egoera baterako trantsizio batean aurkitzen garela kontutan hartzea, honek alderdi guztien inplikazioa eskatzen duela jakinik”.

Dokumentuak landu beharreko oinarrizko hainbat printzipio ere barnebiltzen ditu:

  • Memoriaren kontakizun inklusiboa, kontakizun guztiak jasoz.
  • Biktima guztiek justizia, memoria, aitorpen eta erreparaziorako duten eskubidea errespetatzea.
  • Motibazio politikoko delituengatik preso daudenak eskubidedun subjektu dira. Arazoaren parte dira eta, beraz, konponbidearen parte ere izan behar dute. Konponbide eta normalizazio prozesuan parte hartu behar dute.
  • Foro sozialak 2013an esandakoari jarraiki, egiaren komisioa eratzeko nondik norakoak zehaztu nahi ditu Sarek.

Helburu zehatz batzuk ere proposatu dituzte, bereziki presoen arloan: Larri dauden presoak askatzea, dispertsioarekin amaitzea, prozesu penalen berrikusketa, torturan oinarritutako sententziak berrikustea, beste estatu batean betetako kondenak zenbatzea galarazten duen 7/2014 Legea aldatzea, besteak beste.