María San Gil buru duen Villacisneros Fundazioak eta Guardia Zibilaren Elkarte Judizialak Elkartasun Martxa debekatzea eskatu dute. Martxak 31 urte preso daramatzan Unai Paroten egoera salatuko du irailaren 18an.
Urtero irailean antolatzen den Elkartasun Egunak martxa formatua hartu du aurtengoan, eta Unai Parot presoaren egoeraren salaketa izango du ardatz. Azken egunotan jakin da debekatzeko eskaera heldu dela Madrilera. EAEko PPko buru ohi María San Gilek zuzentzen duen Villacisneros Fundazioak eta Guardia Zibilaren Elkarte Judizialak egin dute eskaria. Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaritzak bi elkarte horien eskaria Madrileko Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzari helarazi dio.
Bizi osorako espetxe zigorra
Debeku eskaera horien aurrean, Sarek Arrasateko martxa babestu du sare sozialen bitartez: “Sarek denbora darama lege hau bertan behera gera dadin eskatzen, bizi osoko zigorrerako bide dela ulertzen baitugu”. Salbuespen neurrien aplikazioa salatzen jarraituko duela adierazi du mugimendu herritarrak: “Konponbide garaia da. Horregatik, irailaren 18an Arrasaten mobilizatuko gara”.
31 urte espetxean, 31 kilometro oinez
Martxa uztailaren 20an iragarri zuren Arrasateko Sarek eta Elkartasuna Eguna taldeek. Agerraldi batean azaldu zuten zergatik erabaki duten aurtengo Elkartasun Eguna Unai Paroten egoeran zentratzea: “Une hauetan Arrasaten preso bakarra dugu, Unai Parot. Espainiako Estatuan bete zitekeen zigorrik handiena bete du dagoeneko: 30 urte. Zigorra beteta duenez, kalean egon beharko luke, baina espetxean zegoela berriz epaitu zuten ETAko kidea izateagatik. Inoiz ez dute egin horrelakorik euskal presoen kasuan. Legeak dio gauza berarengatik ezin dela inor epaitu berriz, baina Unairi beste 11 urteko espetxe zigorra jarri zioten, Parot doktrina deiturikoa atzera bota zutenean Estrasburgon”. Oinezko Martxak 31 kilometroko luzera izango du, Parotek espetxean daraman urte bakoitzeko kilometro bat, eta gauerdian abiatuko da.