argia.eus
INPRIMATU
Sarean.eus: teknologia, informazioa eta entretenimendua
  • Euskarazko Interneten Eguna baliatuz atari digital berria aurkeztu zuen Iruñean PuntuEUS fundazioak.

ARGIA @argia 2016ko maiatzaren 18a

Asteartea Interneten Nazioarteko Eguna izan zen eta horren ingurumarian lehenengo Euskarazko Interneten Eguna antolatu zuen PuntuEUS fundazioak, Topagunea eta Euskalerria Irratiarekin elkarlanean Iruñeko Katakraken. Bertan aurkeztu zuten Sarean.eus,  teknologia berriak jorratuko dituen atari digitala, “Informatu, entretenitu eta kultura teknologia euskaraz zabaltzeko” helburuz sortua.

Bestalde, Gailurra beti dago gorago marrazki bidezko ikusentzunezko laburra ere ikusi ahal izan zen ekitaldian. Bertan, euskarak azken 25 urteotan interneten izan dituen hainbat itu nagusi biltzen dira, Buber’s Basque Page webgunea horretan hasi zenetik hona.

Sareko ARGIA: paperetik digitalera jauzi aitzindaria

Euskara eta internet elkartzen dituen historian ARGIAk badu bere tokia. Hain zuzen, laster beteko dira bi hamarkada 1997ko abenduan astekariko lehen edukiak interneten jarri zirela. Hala, paperetik sarera jauzia egiten ausartu zen lehen komunikabideetako bat izan zen. Haren aurretik Ttipi-Ttapa aldizkariak eman zuen pausoa, 1996an. Horregatik Rikardo Arregi Saria jaso zuen urtebete geroago Bortzirietako komunikazio taldeak.

ARGIAk 1999ko maiatzean ekin zion Euskal Kulturaren Hari@ buletinari, postontzi elektronikoetara iristen zen euskarazko lehen eguneroko agerkaria. Gaur egun aktualitatea osotasunean jorratzen duen Argia Buletina da bere oinordekoa.

Adur informatika enpresaren "Kapsula" zerbitzuarekin igo zituen ARGIAk lehen aldizkariak internetera.