argia.eus
INPRIMATU
Sarean euskara ikusarazteko #3000Twitz kanpaina abiatu dute
  • Euskal bideo-joko zale komunitateak Game Erauntsia Elkartearekin batera Twitch plataforman euskara eta sortzaile euskaldunak ikusarazteko kanpaina abian jarri dute. Egitasmoaren sustatzaileekin hitz egin dugu. Iruñe Astiz Larunbe @arkkuso, Garikoitz Larrañaga Azkue @Gari_infernu eta Ainhoa Azkue Ibarguren @nebunebukai.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2020ko azaroaren 23a
Egitasmoaren sustatzaileak: Ainhoa Azkue Ibarguren @nebunebukai, Garikoitz Larrañaga Azkue @Gari_infernu eta Iruñe Astiz Larunbe @arkkuso. Argazkia: Euskalerria Irratia.

Euskal bideo-joko komunitateak Game Erauntsia Elkartearekin batera #3000Twitz kanpaina martxan jarri dute hiru helburu nagusirekin: Twichen euskara hizkuntz ofiziala bihurtzea, Interneteko sortzaile euskaldunak ikusaraztea eta ingurune digitalean euskaraz bizitzea ahalbidetzea.

Kanpainaren izena Twichek euskara hizkuntza ofizial bezala gehitzeko eskaerari lotuta dago. Izan ere, katalana hizkuntza ofiziala bihurtzea lortu zuten ia 3.000 boto lortu ondoren. Horrela bada, kanpainaren helburua 3.000 boz lortzea da.

Azaroaren 28tik abenduaren 4ra bitartean hainbat zuzeneko emanaldi zabalduko dira. Hauek bideo-jokoen partidak, gitarra saioak, irratsaioak, umorea, hitzaldiak eta rol partidak izango dira. Euskal bideo-joko komunitateko streamerretaz gain hainbat kultur eta gizarte eragilek beraien edukiak gehituko dituzte, besteak beste Sutan Bang kolektiboak, Nafarroa Behereko Kanaldude tokiko telebistak eta Naiz Irratiak.

Abenduaren 3an Euskararen Eguna ospatzeko Arkkuso eta Aiora Probatxoa youtuberrak eta Nebukai streamerrak elkarrizketa saio bat antolatu dute. Kai Nakai, Dylan Inglish, Aitziber Garmendia eta Odei Jainaga elkarrizketatuko dituzte. Horretaz gain, ekimenak jendarteko beste sortzaile batzuen kolaborazioak izango ditu.

Abenduaren 5ean kanpainari amaiera emango zaio 24 orduko maratoi batekin. Besteak beste, Game Erauntsia Elkarteak Rocket League bideo-jokoaren txapelketaren finala eskainiko du zuzenean.

Naiz Irratia ekitaldiaren babesle ofiziala da eta Bigarren Kafea bideo-irratsaioa kanpainara gehituko da. Informazioa zabaltzeko @3000Twitz Twitter kontua erabiliko da eta YouTuben bereziki sortutako kanalean euskaraz sortzea bultzatzeko tutorialak eskainiko dira.

Twitch plataformari buruz

Twitch 2011n sortu zen sarean zuzeneko emankizunak egiteko plataforma da. Bideo-jokoetan berezitua dago eta egunero milioi eta erdi ikusle baino gehiago batzen ditu. Gaur egun Twitchen 34 hizkuntza hautatu daitezke emisioa egiterakoan, baina euskara ez dago zerrenda horretan. Euskara hizkuntza ofiziala bihurtzeak euskal sortzaileen edukiak iragazteko aukera ekarriko luke.