argia.eus
INPRIMATU
Marta GaztaƱaga Lakuntza. Legezko abortuaren aldeko ekintzailea Argentinan
“Sareak eta jakintzak berreskuratu behar izan ditugu abortuen akonpainamendu hauek egiteko”
  • Publizitate eta harreman publikoak karrerako azken urtean Argentinara joandako aktibista feminista da Marta Gaztañaga (Tolosa, 1988). Cordoba hirian urtea igaro eta hainbat proiektutan aritu ondoren, bertan gelditzea erabaki zuen. Antropologia ikasketak hasi zituen eta 2015. urtetik Socorro Rosa Córdoba taldean aritzen da abortuaren legearen alde, eta abortatzeko beharra dutenei asistentzia eskaintzen.

Garazi Basterretxea @kilimarkilimar 2020ko apirilaren 03a
GaztaƱaga abortuaren aldeko jardunaldi batean Cordoban, 2018. urtean

Zelan sortu zen Socorro Rosa Córdoba taldea?

2012. urtean izan zen. Campaña Nacional por el Derecho al Aborto Legal Seguro y Gratuito (Abortu Legal, Seguru eta Doakoaren Eskubidearen aldeko Kanpaina Nazionala) ekimenaren bilera batean. Abortuaren aldeko legea lortzeko, 700 erakunde sozial, politiko, feminista, akademiko eta giza eskubideen aldekoek hartzen dute parte bertan. Batek baino gehiagok, lege horren alde zeudela jakinda, emakumeek laguntza eskatu ohi zietela kontatu zuten eta legea lortu bitartean zer egin zitekeen pentsatzen hasi ziren. Helburu horrekin eta egoera horretan sortu zen Socorro Rosa Córdoba taldea. Nik duela bost urte parte hartzen dut bertan.

Hamabost lagun gara gaur egun eta urtero 500 pertsona inguru laguntzen ditugu Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) gomendatzen duen tratamenduaren inguruko informazioa emanez. Argentinan lortu daiteke abortu segurua egiteko gomendatzen den medikamentua. Misoprostol izena du eta beste tratamendu batzuetarako ere balio duenez, farmazietan saltzen da.

Abortatu beharra duten pertsonek gure telefono zenbakira deitzen dute eta beraiekin elkartzeko zita adosten dugu. Bilerak leku publikoetan izaten dira eta lau bat emakumerekin elkartzen gara aldiro. Bertan gure taldearen nondik norakoak kontatu eta pastillak nola erabili behar diren adierazten diegu. Behin bakarrik aurkitzen gara aurrez aurre, baina telefonoz jarraipena egiten dugu abortatzen duten bitartean, edo zalantzaren bat dutenean, dena ondo atera dela frogatzen duen kontrola egiten duten arte.

Osasun sailaren arabera urtero 370.000 edo 522.000 abortu gertatzen dira Argentinan eta tratamendu seguruak eskuratu ezin dituztelako 40 emakume hiltzen dira. Ez dago borondaterik errealitate horren inguruan ikertu eta erantzun duina emateko

Egiten ditugun akonpainamenduek abortuaren legearen beharra argudiatzeko balio digute. Estatuak ez du datu zehatzik ematen. Osasun sailaren arabera urtero 370.000 edo 522.000 abortu gertatzen dira Argentinan eta tratamendu seguruak eskuratu ezin dituztelako 40 emakume hiltzen dira. Ez dago borondaterik errealitate horren inguruan ikertu eta erantzun duina emateko. Gure akonpainamenduek pertsona askoren errealitatea aldatzeaz gain, abortuaren inguruko hainbat mito deuseztatzeko balio digute. Hau da, emakumeen errealitatearen inguruan jasotzen ditugun datuak, abortuaren legearen garrantziaren inguruan argudiatzen eta borrokatzen jarraitzeko arrazoi dira.

Zelan sortu duzue zuek zuen jarduteko modua? Zein eredutan oinarritu zarete asistentzia hori diseinatzeko eta praktikan jartzeko orduan?

Dispositiboa urteekin aldatuz joan da. Esperientziak berak irakatsi digulako, eta gero eta pertsona gehiagok deitzen digutelako. Lehen emakume bakar batekin elkartzen ginen adibidez. Orain taldean egiten dugu. Gure ordutegien aukeragatik batetik –taldean parte hartzeagatik ez dugu ezer kobratzen eta aktibismo honez gain denok ditugu ikasketak, lanak eta bizitzak–, baina baita taldeak ahalbidetzen duen aberastasunagatik ere. Beraien errealitateari buruz hitz egiten hasten direnean harreman eta elkarrizketa interesgarriak sortzen dira emakumeen artean. Esperientzia politizatzen laguntzen duela uste dugu.

Dena den, aurrez aurreko horretan OMEren informazioan oinarritutako esku-orri bat ematen diegu. Jakintza horiek gabe gure akonpainamenduak ez lirateke posible izango. Esku-orrian zer espero den agertzen da, baina baita zer espero ez den ere. Espero ez den odol kantitatea, sukarra edo min arraroren bat agertzen bada urgentzietara joatea garrantzitsua dela adierazten diegu. Bertan zer edo nola esan ere beraiekin pentsatzen dugu. Tratamendua oso segurua eta efektiboa da eta urgentzietara joan behar izaten duten gehienek pastillak erabili izana ezkutatzen dute. Normalean, ospitalera joateko beharra ez da fisikoa izaten; ingurukoei beraien erabakia kontatu ezin izan dielako, ingurukoak beraien erabakiarekin ados ez daudelako eta beste egoera bortitz desberdinengatik joaten da urgentzietara laguntzen ditugunen %10a. Gero eta profesional gutxiagok salatzen dituzte emakumeak, baina hiri eta probintzia guztietan errealitatea oso ezberdina da. Laguntzen ditugun pertsonak ematen diguten informazioaren arabera gomendatzen dugu zein ospitalera joan eta zer esan daitekeen. Beraien esperientziak besteei laguntzeko balio duela azaltzen diegu.

Uste dut, gehienbat, emakumeen esperientzietatik ikasi dugula. Osasun zientzietako profesionalekin ere bai. Eta beste hiri eta probintzia batzuetan informazio bera ematen duten talde feministekin. Sarean aritzen gara beti, inoiz ez gara talde isolatu bat izan.

Beraien errealitateari buruz hitz egiten hasten direnean harreman eta elkarrizketa interesgarriak sortzen dira emakumeen artean. Esperientzia politizatzen laguntzen duela uste dugu

Socorro Rosa izena, legala izan aurretik, Italian abortuak egiten zituen emakume talde komunista baten omenez da. Herrialde askotan ikasi dute feministek abortuaren inguruan laguntzen. Horietatik ere ikasten saiatu gara. Ameriketako Estatu Batuetan, Jane izeneko taldeak klandestinitatean abortuak egingo zituzten medikuak aurkitzen zituen 1969. urtean. Segituan beraiek ikasi zuten abortuak nola egin eta milaka abortu seguru egin zituzten. Pasaia eta Irun inguruko emakume talde batek Euskal Herrian ere laguntzen zuela aurkitu nuen behin: Frantziara igarotzen laguntzen zieten Espainiako Estatuan bizi eta abortatu nahi zuten emakumeei.

Garai baten emakumeak ginen gure haurdunaldiak eta gure abortuak kudeatzen genituenak. Medikuntza zientzia bezala sortu zen momentutik gure gorputzaren inguruko jakintzak galtzen hasi ginen eta lehen baino autonomia gutxiago daukagu gauza batzuetarako. Sareak eta jakintzak berreskuratu behar izan ditugu akonpainamendu hauek egiteko.

Jendetza legezko abortuaren alde, Santa Fen (Argazkia: Agustina Girardo)

Lotsa edo errua bezalako emozioek berebiziko garrantzia dute erabakitzeko unean bai ondorengo prozesuetan. Zer nolako baliabideak eskaintzen dituzue sentimenduen euste hori bermatzeko?

Abortuak, norberak hartutako erabakia denean, ez du berez ondorio psikologikorik uzten. Ondorio psikologikoen erruduna testuingurua izan ohi da. Gure akonpainamenduez gain, Txileko psikologo eskolak eta hainbat ikerketak egiaztatzen dute hau. Hala ere, norbaitek behar bereziren bat badu, profesional jatorren batekin hitz egiten dugu. Guk ez dugu terapiarik eskaintzen, behar hori duena espezialistengana bideratzen dugu. Ez da ohikoa izaten, hala ere. Legezkoa izango balitz ondorio psikologiko gutxiago ekarriko lituzke, egoera hobeetan egingo litzatekeelako.

Momentua ahalik eta arinena egiten saiatzen gara, norberaren erabakia ulertuz eta onartuz. Gure berri nola izan duten eta zer dakiten jakitea garrantzitsua izaten da lehenengo momentuan. Abortuaz hitz egiten hasi den jendartea da hau. Gero eta pertsona gehiagok dauka gure berri beraien lagun edo familiako kideren bati lagundu diegulako. Telefono zenbakia leku askotan dago; komuneko ateetan, sare sozialetan, ospitaleetan… baina ahoz aho ere zabaltzen da. Eta horrek egoera asko aldatzen du telefonoa interneten aurkitu eta nora doazen ez dakitenekin konparatuta.

Baten batek ez digu telefonoz berriro erantzuten. Eta beste batzuekin abortuaren aldeko legearen manifestazioetan aurkitzen gara. Esperientzia guztiak ezberdinak dira eta prozesu pertsonal horiek ulertzen eta onartzen ditugu. Oso mezu politak jasotzen ditugu maiz. Esker onekoak. Eta telefonoa piztuta mantentzeko, sare sozialetan diru laguntzak eskatzen ditugunean, segituan jasotzen dugu kreditu txikiren bat. Nolabait abortuarekiko uste edo harreman berriak sortzen ari garela uste dut.

Zelako oihartzuna izaten ari da zuen lana? Zer nolako erantzunak jasotzen dituzue?

Hasteko, abortu arriskutsuen kantitatea jaitsi dugu. Informaziorik gabe, batek baino gehiagok bere burua arriskuan jartzen du. Errealitate beldurgarrien berri izan dugu. Emakume batek egunero gasolina koilarakada bat hartzen zuen gurekin elkartu zen arte. Asko te eta sendabelar ezberdinekin saiatu dira. Mototik bota eta kotxe batek harrapatzeko ahalegina egin dutenak ere ezagutu ditugu. Klandestinitateek merkatu beltzak eta bestelakoak sortzen dituzte. Errealitate kritikoenak emakume behartsuenek eta transek izaten dituzte. Azken urteetan abortuengatik ospitaleratze kantitatea asko jaitsi da, eta mugimendu feministen antolaketa lanaren ondorio dela uste dut.

Biltzen ditugun datuekin mito asko bertan behera uzten ditugu. Zeintzuk diren abortatzen duten pertsonak, zein bizitza baldintzak dituzten, tratamendua zein segurua den…

Biltzen ditugun datuekin mito asko bertan behera uzten ditugu. Zeintzuk diren abortatzen duten pertsonak, zein bizitza baldintzak dituzten, tratamendua zein segurua den… Hedabide eta aditu batzuen arabera abortua legezkoa izango balitz gazteek ez lituzkete antisorgailuak ibiliko. Gure estatistiken arabera, gurekin harremanetan jartzen diren gehienek 25 urte baina gehiago dituzte, ezagutzen ditu antisorgailuak. Medikuek ez diete informazio guztia eman edo ez diete aukeratutako antisorgailuak erabiltzeko aukera eman. Asko katolikoak edo ebanjelikoak dira! Abortuaren legearen kontra sektore erlijiosoak ari dira batik bat, eta hala ere, sinestun diren emakume askok abortatzen dute. Gehienak ama direla abortatzen dute. Abortua eta amatasun proiektua ez dira nahi eta nahi ez kontrako proiektuak. Legeak, zenbat haur izan, zeinekin, noiz, eta beste gauza asko pentsatzeko aukera ekarriko du. Estatuak beste alde batera begiratzen duen bitartean gure arteko laguntza sareak jarri ditugu martxan.

Epe luzera, pixkanaka, amatasuna emakumeen aukera bakar bezala ulertzeari uztea dugu helburu. Norberak bere buruarekin eta bere bizitzarekin nahi duena egin dezakeela berretsiko duen gizartea sortu nahi dugu.

Gaur egun indarrean dagoen legean zer dago bermatuta eta zer ez? Lurralde guztietan berdina al da? Medikuak derrigortuta al daude abortatzeko informazioa ematera?

Argentinako Zigor Kodearen arabera abortua ez da legala. 86. artikuluak argitzen du abortua ez dela delitu hiru egoeretan: haurdunaldia sexu eraso baten ondorio denean eta haurdun dagoenaren bizitza edo osasuna arriskuan jartzen denean. 2012. urtean Justizia Auzitegi Nagusiak artikulu hori nola ulertu behar den argitu zuen (Fallo F.A.L.) eta orduan hasi ziren osasun sailak zein tratamendu erabili daitekeen eta pertsona hauek nola artatu behar diren argitzen.

Cordoba Argentinako bigarren hiririk handiena da. 2012. urte hartan, probintziako osasun sailak gida bat sortu zuen. Gida horrek hiru egun iraun zituen indarrean. Hirugarrengoan, Portal de Belén izeneko talde katoliko batek salaketa bat jarri zion gidari, eta justiziak zazpi urte beranduago utzi du salaketa hori bertan behera. Iazko irailean izan zen hori. Urte hauetan guztietan Auzitegi Nagusiak berretsitako eskubiderik ez dugu izan gure probintzia osoan.

Dena den, Argentina oso herrialde handia da eta probintzien arteko ezberdintasunak argiak dira. Mendozan ez da Misoprostol botika farmazietan saltzen. Tucumanen ia hiru urtez preso egon da ustekabeko abortua izan zuen emakume bat. Santa Fen, ordea, osasun zerbitzuek laguntzen dituzte abortatzeko erabakia hartzen duten pertsonak; bertan, legea beste edozein probintzietako bera da, baina osasun sailak erantzunen bat ematea erabaki zuen. Zigor Kodeak haurdun dagoenaren osasuna aipatzen du, eta jarraitu nahi ez ditugun haurdunaldiak jarraitzera behartzeak, beti izango du ondorioren bat gure ongizatean. Gure osasun fisikoan ez bada, gure osasun psiko-emozional edo sozialean eragingo du. Abortu seguruak bermatu ahal izateko estrategia ezberdinak sortzen joan gara eta herrialde osoan gero eta profesional gehiagok egiten dituzte abortu legalak. Hala ere, ia profesional, instituzio eta hiri edo probintzia bakoitzaren esku dago nori eta nolako informazioa eman.

Argentinan hiru orduro 10 eta 14 urte bitarteko haur batek erditu egiten du. Kode Zibilaren arabera haurdunaldi horiek bortxaketen ondorio dira beti, baina haur horien gehiengoari ez diote beraien eskubideak zeintzuk diren azaltzen, ezta zer egin nahi duten galdetzen

Pasa den urtean, lehenengo aldiz, emakume bat haurdunaldiarekin jarraitzera behartu zuen medikua zigortu zuten. Bermatzen ez den eskubideren baten berri izaten dugunean justiziak oso mantso erantzuten du. Argentinan hiru orduro 10 eta 14 urte bitarteko haur batek erditu egiten du. Unicef-en datua da: hiru orduro! Kode Zibilaren arabera haurdunaldi horiek bortxaketen ondorio dira beti, baina haur horien gehiengoari ez diote beraien eskubideak zeintzuk diren azaltzen, ezta zer egin nahi duten galdetzen.

Gainera, azkeneko lau urteetan ez da Osasun ministeriorik izan; Mauricio Macriren gobernuak idazkaritza bilakatu zuen. Abortuaren legea lortzen dugunean ere, sail horrek baliabideak beharko ditu eskubideak bermatzea benetako politika publikoa izan dadin. Profesionalen aldetik ezjakintasun handia dago. Unibertsitateetako formazioak ere aldatu beharko dira.

Cordoba, 2020ko otsailaren 19a: Abortu Legalalaren eta Seguruaren aldeko ekintza egunean

Azken urteetan, feminismoaren indarraren ondorioz, abortua eztabaidagai ari da izatean hainbat esparrutan: eskoletan, komunikabideetan, unibertsitatean... Testuingurua ez da erraza, eta jendartea aurreiritziz eta desinformazioz beteta dago. Zeintzuk dira zuen ustez desinformazio horren arrazoi nagusiak? Zein tresna emango zenituzke edo zein puntu argituko zenituzke, gaizki ulertuak argitzeko?

Lehen aipatu dizudan kanpainak hamabost urte bete ditu. Zortzigarren aldiz aurkeztuko du lege proiektua aurten, baina 2018. urtean bakarrik eztabaidatu da Kongresuan. Argi daukat proiektua Kongresura iritsi izana testuinguruaren ondorio dela. Argentinan 23 orduro emakume bat hiltzen dute. 2015. urtean feminizidioen kontra “Ni una menos” izeneko manifestazio erraldoia sortu zen. Ordutik ia probintzia eta hiri guztietan asanblada feministak bete egin dira eta agenda politikoak adostu ditugu. Feminizidioak genero biolentziaren azken ondorio direla argudiatu dugu eta abortuaren aldeko borrokara gehitu dira eragile politiko eta sozial asko.

2018. urtean astero egiten genuen abortuaren aldeko jardunaldiren bat. Eztabaidak kontrako sektoreak ere antolatu zituen; kanpainako zapi berdearen kontra, zapi urdin argia sortu zuten, “salvemos las dos vidas” izenpean. Bitxia izan zen antisorgailuak banatzearen eta eskoletan hezkuntza sexuala izatearen kontra egin duten sektore berdinak, abortuaren legearen kontra egitean, antisorgailuak eta informazioa banatu behar direla arrazoitzen entzutea. Bitxia edo hipokrita. Ospitale publikoetan abortuaren inguruko inongo informaziorik ematen ez duten eta beraien bulego pribatuetan abortuak egiten dituzten medikuak ere ezagutu ditugu. Inoiz alabatzat jo ez duen apaiz baten alabak, eskutitz publikoa argitaratu zuen. Bere aitak abortuaren legearen kontra egiten du pulpitutik, baina ez du bere alaba inoiz zaindu, ezta alaba gisa onartu ere.

Kontra daudenek ez dute ezer proposatzen, ez dute ezer aldatu nahi. Enbrioiaren bizitza salbatu nahi dutela esaten dute, baina emakumeen sabeletan dauden enbrioiak bakarrik hartzen dituzte kontutan. Ernaltzeko ospitaleetan sortzen dituzten enbrioien inguruan ez dute ezer esaten. Emakumeen sexu harreman guztiak seme-alabak izateko izatea nahi dute.

2018. urteko ekainaren 14an, botere legegilean proiektua zazpigarren aldiz aurkeztu ondoren eta aldaketa batzuk egin eta gero, hamabost sesioren ondoren, diputatuen ganberan onartu zen lege proiektua. Baina abuztuaren 8an, hamasei orduko saioa eta gero, senatuan proiektua deuseztatu zuten eta azkenik ez zen legea onartu. Zelan bizi zenituzten zuek bi une horiek?

Kalean, taldekideekin, lagunekin. Eztabaida jarraitu ahal izateko “bijiliak” antolatu genituen. Buenos Airesen bi milioi pertsona inguru bildu ziren. Guk Cordoban jarraitzea erabaki genuen. Hemen ere legearen alde ari garela argi uzteko.

Oso hunkigarria izan zan guretzat eguneroko gaia den hau, hain masibo bihurtzea. Duela hiru urte gaur egun baino askoz pertsona gutxiagok zekien abortuaren klandestinitatearen ondorioak zeintzuk diren. Bakardade, isiltasun eta beldur gehiago zegoela uste dut. Guretzat besarkada goxoa izan zen hainbeste pertsona abortuaren alde ikustea. Zapi berdeak leku guztietan ikusten dira! Ia isilpean aurrera eramandako aktibismoaren fruitua ere sentitu dugu. Txoko guztietara heldu den eztabaida izan da. Cordobako herri txikietan ere legearen aldeko taldeak sortu dira ordutik.

Lege proiektua onartu zenean oso-oso zoriontsu izan ginen. Oso gau hotza pasa genuen kalean. Ez genekien zer espero. Eta baiezkoak irabazi zuenean izugarrizko festa izan zen. Kalea mozten jarraitu genuen ospakizunetan. Goizeko 09:00ak inguru zirenez jende asko gerturatu zen. Manifestazioetarako abestiak sortzen ditugu eta horiek abesten eta dantzatzen ospatu genuen. Oso zoriontsu geundela gogoratzen dut! Nekatuta, baina ohikoa ez zaigun irabazle sentsazio txiki batekin.

Hurrengo pausoa oso triste bizi izan genuen. Batez ere kontra bozkatu zutenen arrazoiak entzunda. Bortxaketa batzuk ez direla biolentoak entzun behar izan genuen, abortua holokaustoarekin konparatu zuten… Argudio misogino, biolento eta iraingarriak entzun behar izan genituen, eta horiek irabazten ikusteak izugarrizko mina eman zigun. Baina abortuaren legearen alde dauden milaka pertsonez inguratuta geunden kalean, izugarrizko eszenatokiarekin. Onena hartu eta borrokan jarraitzea erabaki genuen.

2018ko abuztuak 8a Cordoban, Senatuak legea ezeztatu zuenean

Osasun arduradun zen Adolfo Rubinsteinek azaldu zuen abortuak gaur egun duen kostua 11.500 pesokoa (164,85€) dela (ospitalizazioa, tratamendua...) eta legea onartu izan balitz 1.914 pesokoa (27.44€) izango litzatekeela. Desberdintasun hau ematen da legeztatzeak dakarren konplikazio murrizketaren ondorioz. Datuak horrelakoak izanda, zergatik uste duzue ez zela legea onartu?

Arrazoi zientifiko eta etiko ugari ditugu abortuak legezkoa izan behar duela argudiatzeko. Sektore erlijiosoak dira kontra ari direnak. Ebanjelistek gero eta botere handiagoa dute Hego Amerikan, eta eskuineko gobernuei laguntzen diete. Ez diete inolako askatasunik eman nahi emakumeei, ezta lesbianei, gayei eta bisexualei, transei edo binario ez diren pertsonei ere.

Bizitzaren alde daudela errepikatzen dute baina errealitateak ezer axola ez zaiela erakusten digu. 2006. urtean minbizia zeukan emakume bati, haurdun zegoela jakin zutenean, botikak bertan behera uzteko agindua eman zioten. Berak haurdunaldiarekin bukatu nahi zuela adierazi zuen, bere burua arriskuan jarriko zuelako botikak bertan behera uzteak. Medikuek ez zioten abortatzeko aukera eman, 26. astera arte haurdunaldiarekin jarraitzera behartu zuten, eta emakumearen osasun egoera ikusita, 26. astean erditzera behartu zuten. 450 gramo pisatu zituen haur bat jaio zen, ordu gutxira hil zena. Emakumeak, Ana María Acevedok, ez zuen hilabete bat gehiago iraun. Botikak uztearen ondorioz gaixotasunak bizitza kendu zion. Inongo bizitzarik ez salbatzeaz gain, mediku hauek amarik gabe utzi zituzten hiru haur, botere guztien konplizitatearekin.

Argazkia: Romi Pecorari

Zeintzuk dira, zuen ustez, nahitaezko haurdunaldiak saihesteko bideak? Zer nolako lanketak egiten dira prebentzioari begira?

Lehen esan dudan bezala politika integralak behar dira. Kanpainak beti adierazi du hori. Bere leloa da “Educación sexual para decidir, anticonceptivos para no abortar, aborto legal para no morir” (Sexu heziketa erabakitzeko, antisorgailuak ez abortatzeko, legezko abortua ez hiltzeko). Argentinan hezkuntza sexuala hezkuntza maila guztietan jaso beharko litzake. 2005. urtean onartu zen lege hori. Edozein antisorgailu eskura edukitzeko legeak ere badira, baina errealitatean medikuek aukeratzen dute emakumeen ordez askotan. Gazte garenoi ez digute tronpen lotura egiteko aukerarik ematen adibidez, eta legeak baimentzen digu. Legea garrantzitsua dela badakigu, baina legeek ez dutela errealitatea bat-batean aldatzen ere bai.

23 orduro feminizidio bat ekidin ezin duen gizarteak nekez lortuko du nahitaezko haurdunaldiak saihestea. Emakumeen bizi baldintzak hobetzea eta ahalduntzea bultza beharko da

23 orduro feminizidio bat ekidin ezin duen gizarteak nekez lortuko du nahitaezko haurdunaldiak saihestea. Emakumeen bizi baldintzak hobetzea eta ahalduntzea bultza beharko da. Argentinako biztanleriaren %40ak ez ditu gutxieneko bizi baldintzak. Pobreziaren feminizazioaz hitz egin dezakegu: Estatuak zenbatzen dituen 15 milioi pobreen artetik, gehiengoa emakumezkoak eta adin txikikoak direlako. Pertsona transen bizi itxaropena 35 urtekoa da. Hilabetero, hilabeteak dituen egunak baino gehiago izan ohi dira feminizidioak. Feminizidio horien gehienak emakumeen bikoteek edo bikote ohiek burutzen dituzte. Emakumeak arriskuan jartzen dituzten pertsonak beraien inguruan bizi dira. Horretaz jabetu, beste era bateko harremanak sortu, emakumeen bizi kalitateak hobetu eta sexualitateari buruz gehiago eta modu irekiagoan hitz egin beharko da.

Abortuaren aldeko legerik gabe ezin ditugu gure bizi proiektuak libreki erabaki, gauza piloa aldatu behar da. Horregatik kanpainaren leloa aldatu egin dugu guk: “Educación sexual para descubrir, anticonceptivos para disfrutar, aborto legal para decidir” (Sexu heziketa ezagutzeko, antisorgailuak gozatzeko, legezko abortua erabakitzeko). Legeak ahalbidetuko du abortatzea erabakitzen duten pertsona guztiek tratamendu seguru eta efektiboak lortzea, norberaren errekurtsoak eta bizi kalitatea edozein direla ere. Justizia sozial pixka bat ekarriko du, dirudunen eta behartsuen arteko ezberdintasunak murriztuko dituelako.

2019ko abenduan gobernu aldaketa egon zen Argentinan, Alberto Fernandezek lortu zuen lehendakari izatea. Fernandezek bere agendan jarri du abortua eta esan du kongresura despenalizatzeko proposamena bidaliko duela. Zelan ikusten duzue egoera Socorro Rosa Córdobatik, gobernu aldaketaren ondoren?

Martxoaren 1ean hasi zen kongresua biltzen eta bertan, presidenteak, hamar egun barru proiektu bat bidaliko duela aurreratu zuen. Oso pozik geunden horrekin, baina COVID-19a dela eta ez da inongo aurrerapausorik eman. Inork ez du proiektua ikusi baina badakigu ez dela abortuaren aldeko kanpainak bidali duen bera. Kanpainak bidali duenak, hamabost urteko lana dauka eta lehen aipatu dizkizudan 700 erakunde baino gehiagoren adostasuna. Guk, eta mugimendu feministek, lege proiektu hori defendatzen dugu. Ezberdintasunak zeintzuk diren ikusi beharko dugu. Eta argi daukagu gobernuak proiekturen bat aurkezten badu, feminismoek kaleak hartu eta lege horren beharra ondo argudiatu dutelako dela. Zer eta nola inplementatuko den ikusi beharko dugu, baina aurrerapauso handia izango da.

2018ko ekainaren 14a Cordoban, Diputatuen Ganberak legea onartu zuenean