Guardia Zibilak gutxienez habi lagun atxilotu ditu asteartean Euskal Herrian, sare sozialetan "terrorismoa goratu" eta "biktimak iraintzea" leporatuta, albiste agentziek jakinarazi dutenez.
Goizeko 06:30ean etxetik irten denean atxilotu dute kalez jantzitako guardia zibilek gazteetako bat Bilbon.
Aiaraldeak baieztatu du Alfredo Remirez (@erreharria) amurrioarra dela atxilotua. Bilboko La Salveko komisaldegira eraman dute, eta gazteak berak deitu dio familiari atxilotu egin dutela esateko. Komunikaturik egon da atxilo eta 12:00ak inguru askatu dute, Aiaraldearen arabera.
Beste atxilotuetako bat Kaiet Prieto (@kaieto94) barakaldoarra da, Herri Kolorek jakinarazi duenez. Ane Ituño abokatuak Info7 irratiari baieztatu dio Kaiet Prieto Barakaldon eta hirugarren lagun bat, Xabier Arruza, Erromon atxilotu dituela Guardia Zibilak.
Andeka Jurado ere Barakaldon atxilotu dute. Euskadi Irratiaren arabera, Xabier Otero ere atxilotua legoke. Gasteizko Herri Harresiak informatu duenez, dinamika horretan komunikazio lanetan aritu den Jon Egurzegi (@JEgurzegi) ere atxilotu dute.
Tolosaldeko Atariaren arabera, Iker Ibarluzea ibartarra ere atzeman du Guardia Zibilak.
Euskal Herritik kanpo ere bai
Euskal Herrian egindako atxiloketez gain, beste hainbat izan ziren Herrialde Katalanetan eta Espainian.
Bartzelonan hiru pertsona atxilotu zituzten, Valentzian bat, beste bana Segovian eta Pontevedran eta beste bi Madrilen. Madrilen atxilotutakoen artean, askoren arreta deitu du Cesar Strawberryren atxiloketak, Def Con Dos musika taldeko kidea baita.
'Araña' operazioaren hirugarren urratsa
Astearte honetako operazioa ‘Araña’ izenekoaren hirugarren fasea izango litzateke.
Iazko apirilean 21 lagun atxilotu zituzten, haietako hamabost Euskal Herrian; eta azaroan beste hemeretzi, haietako hamaika Euskal Herrian.