argia.eus
INPRIMATU
Sare sozialetan idazteagatik beste hiru lagun epaituko dituzte martxoan
  • Alfredo Remirezen epaiketari jarraiki, datozen egunetan “Armiarma” operazioan akusatutako hainbat pertsona epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean. Terrorismoa gorestea egotzita, sare sozialetako erabiltzaileen kontra egindako sarekadetan atxilotutakoak ari dira epaitzen.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko otsailaren 28a
Guardia Zibilak egin ditu \"Armiarma\" operazioko sarekadak.

“Armiarma” operazioaren lau sarekadetan 80 pertsona inguru atxilotu dituzte. Guardia Zibilaren operazioek sare sozialetako adierazpen eta iritzi askatasuna mugatu nahi dute askoren ustez, eta jazarpen politikoaren gorakada ekarri duela salatu dute.

Astelehenean, Alfredo Remirez @erreharria erabiltzaileak akordioa lortu zuen fiskaltzarekin, eta ez du kartzelara joan beharko. Martxoaren 2an Bartzelonako Arkaitz Terrón, @Gudari75, eta @putaespanya erabiltzaileak epaituko dituzte. Lehenengoarentzat bi urteko kartzela zigorra, 10 urteko inhabilitazioa, eta 4.800 euroko isuna eskatu du fiskaltzak. Bigarrenarentzat hiru urteko kartzela zigorra.

Martxoaren 27an, berriz, Vigoko Ruben Gonzalez epaituko dute. Horrentzat bi urte eta erdiko kartzela zigorra, 2.500 euroko isuna eta 9 urteko inhabilitazioa eskatzen dute. Duela gutxi Andeka Jurado, @berrirohemen erabiltzaileari urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten horrelako auzi batean.

Armiarma Operazioak Auzipetutakoen Absoluziorako Plataformak adierazpen askatasunaren inguruko jardunaldia antolatu du apirilaren 8rako Zorrotzan.