Espainiako Gobernuak Estatuko Fiskaltzari eskatu dio neurriak har ditzala Twitter bidez zabaldutako “gorrotoaren” aurka. “Delituaren apologia” egiten duten mezuei mugak jarri eta sare sozialak erregulatzeko araudia gogortzea da helburua.
Guardia Zibilak apirileko “armiarma operazioa” delakoan 21 pertsona atxilotu zituen, tartean 15 euskal herritar, sare sozialetan “mezu iraingarriak” idazteagatik. Eta Leongo Diputazioko presidente Isabel Carrascoren hilketaren ostean, berriz hasi dira Espainiako sektore kontserbadoreak sare sozialak kontrolatzearen beharraz hitz egiten, gertakariaren ostean zenbait erabiltzailek PPko buruen aurkako mezuak idatzi zituztela baliatuz.
Rajoyren Gobernuak mezu horiek “gorroto eta apologia delitu” bezala jazarri nahi ditu, eta “formula juridiko” bidez erantzun behar zaiela uste du. Espainiako Justizia eta Barne ministerioek fiskaltzara jo dute horretarako.
El Paisek argitaratu duenez, azken hilabetean gaia Elvira Tejada de la Fuente fiskalaren mahaian dago eta jakinarazi du, “kasuan kasu” aztertu beharra dagoela gaia. Orokorkerian erortzearen arriskuez ohartarazi ditu Espainiako Gobernuko kideak.