Espainiako Justizia eta Barne ministerioek “gorrotoa bultzatu edo delituaren apologia egiten duten mezuei” mugak jarri nahi dizkiete sare sozialetan. Leongo Diputazioko presidentearen hilketarekin lotuta zabaldu diren zenbait iruzkin baliatu dituzte neurriak iragartzeko.
Espainiako Barne Ministro Jorge Fernandez Diazek adierazi du bi ministerioek elkarlanean “zenbait adierazpenei” mugak jartzea aztertuko dutela. Mezu horiek idazten dituztenak “jazartzeko” baliabide legalak hartzea mahai gainean dagoela gaineratu du. Egungo legeak nahikoak izango ez balira, aldatu eta indartu egingo dituztela ere adierazi du Fernandez Diazek.
Leongo hilketa baliatuz
Internet bidez egiten diren delituei eta bertan aurki daiteken "kriminalitateari" aurre egin behar zaiola ohartarazi du ministroak. Sare sozialen bitartez, izenik gabeko erabiltzaileek "gorrotoa" sustatzen duten iruzkinak egiten dituztela esan du eta horrelkao mezuek "ondorio larriak" ekar ditzaketela.
Gehiago zehaztu ez badu ere, Fernandez Díaz Leongo Diputazioko presidentearen hilketaz ari dela ulertu dute askok.
Eskuineko zenbait hedabidek hilketa gertatu eta berehala Espainiako "ezinegon soziala" eta klase politikoaren kontrako iritzi-giroa jo zituzten gertakariaren kausa gisa.
Gerora hilketaren motibazioak bestelakoak izan direla argi geratu den arren, hedabideek leku berdinera seinalatzen jarraitzen dute Espainian (El Mundok hilketaren biharamunean argitaratu zuen editoriala irakurtzea besterik ez dago).
Apirileko polizia operazioa
Legeak aldatu gabe ere, Espainiako Estatuan sare sozialen gaineko kontrola handitzen ari da. Apirilean 21 lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak, tartean 15 euskal herritar, Interneten egindako adierazpenengatik.