argia.eus
INPRIMATU
Sare sozialak arakatu eta Gasteizko grafitigileak zigortu nahi ditu Urtaranen gobernuak
  • Zerbitzu sekretuen alorrean erabili ohi diren OSINT teknikak erabiliko dituen enpresa bat kontratatzeko proiektua lizitaziora atera du Gasteizko Udalak, Arabako Alea-k jakitera eman duenez.

ARGIA @argia 2023ko urtarrilaren 20a
Grafitigileek haien aurkako ehiza salatzen dute.

"Pintaketa bandalikoak" saihestu eta egileak atzeman nahi ditu aspaldidanik Gasteizko Udalak. Haien aurkako ehiza hainbatetan salatu dute grafitigileek; Gorka Urtaran alkatearen arabera, "kalte handiak" eragiten dituzte hiriaren ekonomian eta bizikidetzan. Horixe bera argudiatuz, lizitaziora atera du Gasteizko Udalak OSINT edo Open Source Intelligence sistemak erabiliko dituen enpresa bat kontratatzeko proiektua, hala jakinarazi du Arabako Alea-k. Teknika horiek inteligentziaren esparruan erabiltzen dira, eta oinarrian, publikoak diren informazioak baliatzen dira pertsona fisiko edo juridikoak arakatzeko: sare sozialak, esaterako. 

Grafitiaren Bulego Birtuala

Gabonetako oporren aurretik jakinarazi zuen alkateak Grafitiaren Bulego Birtuala jarriko duela martxan 2023 honen hasieran. Adierazi zuenez "egunero jasoko da hiriko grafitiei buruzko informazioa", jarraipen berezia egiteko bandalikotzat jotzen diren obra eta egileei. "Kontrol integrala egiteko modukoa" izango dela esan zuen César Fernández de Landa hirigintza zinegotziak.

Badu aurrekaririk Grafitiaren Bulego Birtualak: Coruñakoa (Galiza) da ezagun egin den kasua. Salaketak ipintzera bultzatzen zaie herritarrei.